Halaber, katea baliagarria ere bada gauzaki bat puntu finko bati amarratzeko. Esate baterako, ontzietako aingurak katez atxikitzen dira itsaso hondoari. Alde horretatik, katea lanabes baliabide handikoa izan ohi da alor anitzetan, hala nola nekazaritzan, garraioan, etxegintzan, ontzigintzan edota industrian, lantegi bakan batzuk aipatzeagatik. Kateari esker, izan ere, aurrera egin du gizakiak nabarmen eremu ugaritan. Adibidez, garabietako katerik gabe, nola arraio kargatu edo deskargatu litzaketeen portuko langileek, zamaketariek, hainbeste zama, edukiontzi edo kontainer? Katea, baita ere, baliatu du gizonak bere ankerkeria eta bidegabekeriak begi bistan usteko. Hala, esklaboak eta gerretan atxilo hartutako makina bat lagun bai lepotik, bai eskumuturretik eta bai orkatilatik katez estekatuak izan ohi dira gupidagabe maiz askotan, hemen eta han. Zenbat preso ez ote dira hil presondegi ilunetako kate lodiei loturik? Zenbat deiadar eta borrokaldi ez ote du gizakiak egin besteren kateak askatzeko, hausteko eta kentzeko xedearekin? Bestelako katerik bada, era berean. Konparazione, supermerkatu, hotel, zinema eta gasolindegi kate mordoxka ikusten dira hor-hemenka. Nork ez du bere etxean, esaterako, irrati edota telebista aparaturik, haiek hamaikatxo katez horniturik daudenak. Horra hor: soinu-erreprodukziorako katea, elika-katea edo kate trofikoa, bizikletaren katea, eta baita aldarrikapen baten alde edo zerbait kontrako protestan antolatzen diren giza kateak ere. Ahaztu gabe, noski, fabriketako produkzio kate ezinago luze eta astunak, horma edo dorretako erlojuetakoak, etxeko atarian lotua egoten diren txakurren kateak… Alegoriazko kateak ezin dira falta gure zerrendan. Kasurako, norberaren filiak eta fobiak burdinazko kateak bezain lokarri etengaitzagoak suertatzen zaizkigu gehien-gehienetan. Ai!, gaur egun, ia guztiak kate lodi ikusezinez lotuak gaude zeri eta… gure tresna teknologikoei; gure hatzak, izan ere, ezin ditugu jada lasaian utzi, atxikiak bezala baitaude aurreko edo alboko “smartphone” telefono jakintsuari. Kate motzean estekaturik gauzkate, bestalde, aurreritziak, herrak, beldurrak… Dirua pilatu nahia izan liteke, agian, gizakiak sortu duen katerik gogorrena? Agian, gorrotoa da inoiz eteten ez den katerik luzeena? Eta baditugu, nola ez ba!, Nafarroako Ezkutuko kateak, zeinak, gure bandera gorriarekin batera, eskurik esku eta eskutan, baina lepotik zintzilikatu gabe, eramanen baitituzte UPN, PSN, PP, Ciudadanos, VOX, Falangeak, Erreketeak eta gisakoek gure kaleetan barna, ekainaren 3an, segizio modura. Erne, ba, nafar herria, Nafarroako Ezkutuko kate horiek urrezkoak baitira, eta kate-maila bat baino gehiago amai daiteke, non eta manifestariren baten patrikan!. Erne eta adi: kate-tira hasi besterik ez da hasi eta!
Hitzaren jatorrira joz, katea da elkarrekin atxikiak dauden metalezko eraztun-itxurako segida itxia, aski malgua eta mardula, zeina historian zehar erabili ohi baita fardelak, animaliak, tresna itzel edo potoloak, gai astunak edota tamaina handiko gauzakiak elkarrekin lotzeko.