Haren horma zuri eta lau dorre zilindriko luzeen pean Baigorri dugu, Baxe Nafarroako 1.500 bizilaguneko herria, Etxauz gazteluaren antzera berak ere Nafarroako Erresumarekin erro historiko sakonak dituena. Etxauz gaztelua Baigorriko bizkondeen jabegoaren menpe izan da mendez mende, duela gutxi arte, hain xuxen ere. Jauzi bat eginez, orain, 2003. urtean gaude, eta Asit Asran-ek, Miamiko pakistandar dirudun batek, eta Alicia Urrutiak, azken hau jatorriz Erratzukoak, erosi berri dute gaztelua, udako egoitza gisa baliatzeko. Aurreko jabeek, bestalde, gaztelua zer egoera kaskarrean zegoela ikusirik, berritze lan handiak egin zizkioten Etxauz-i, hainbesteraino non, gazteluari eginiko moldatze-lanengatik, Frantziako Errepublikak sari nazionala eman zion Etxauzi, 1997an. Hala, goi mailako hotel bihurrarazi zuten Etxauz. Esan nahi baita, gaur egun, arrunt egoera onean dagoela, nola kanpoaldetik hala barrenetik. Kontua da egungo jabeek saldu nahi dutela. Kontua da, hain xuxen ere, ero koadrila ausart batek erosi nahi duela, zergatik eta Etxauzia zabal eta bizi amesten dutelako, Baigorri bizi eta zabal batean. Horregatik, Euskal Herriko eta mundu osoko lagunekin batera, zabaldu eta biziarazi nahi dute gaztelua. Xede hori buruan, ekonomia, kultura eta historia ardatz dituen egitasmoa fermuki garatzen ari dira, partehartzean, elkarlanean eta ekimen kolektiboan oinarritua. Baina proiektua gauzatu ahal izateko, bi gauza behar dituzte: lehenik, Etxauzia erostea, eta, horri begira, bigarrenik, jendearen ekarpena. Eta lanean ari dira, gogoz eta kuraiaz. Lau batzorde abian jarri dituzte: diaspora, ekonomia, historia, eta kultura eta hizkuntzarena. Etxauzia mundu osoko euskaldunentzako bizileku bihurtu nahi dute, eta baita kultur gune ere. Bultzatzaileek diotenez, maiz, euskara eta euskal kultura baztertua izan da beren eskualdean. Justuki, egitasmo honen bitartez, prestigio soziala eman nahi diote euskal sorkuntzari. Eta eraiki nahi dute, halaber, plaza berri bat, biziki euskaldun den Baigorrirentzat eta beraren aldiriarentzat. Erronka ez da makala. Ze, hiru miloi euro bildu behar dituzte gazteluaz jabetzeko. Euskal herritar bakoitzeko, euro bat, alegia. Eta horri eutsi diote orain arte iraun duen kanpaina bati esker. Orain, berriz, hura amaitutzat hartu eta beste kanpaina bati ekin diote, “Zabal eta bizi” izena duena. Bai horixe, alimaleko auzia dute Etxauzian sartu diren auzilari trebeek. Behar adinako dirua lortzea da, beraz, auziaren muina. Eta Euskal Herria da auzi aretoa. Zera, onik aterako al dira auzi-mauzi honetatik Etxauziaren auzizale ausarditsu hauek? Gure dirua haien esku paratzean, hain xuxen, auzia irabazteko moduan egonen dira haiek inolako epaileren epairik gabe. Etxauzia, baiki, euskaldun ororen auzia?!