Zurrakapotea

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko mai. 3a, 18:03

Zurrakapotea da edari alkoholdun bat, gehienbat festetan-eta edan ohi dena. Datu fidagarri guztien arabera, Errioxa da haren jatorria. 

“Zurra” ere deitzen diote Errioxan, eta baita beste leku ugaritan ere; eta badirudi halako izena duela, zurrak, hain xuxen, zigor-makilaren aipamena egiten duelako. Bitxia da, inondik ere: euskaraz, bai zurra-k eta bai zurratu-k, nolabait, jipoia eta astindu edo kolpatu hitzekin, hurrenez hurren, zerikusia baitute. Argi eta garbi, zurrak, neurriz gain edanez gero, edalearen burua eta erraiak zurratzen ditu gogorki. Eta nola, gainera! Ardo beltza da, justuki, zurrakapotearen osagai printzipala. Ardoa, izan ere, ontzi handi batean sartu eta gero, mertxika, laranja, limoia, azukrea eta kanela eransten zaizkio. Nahasketa hori, gero, denbora batez gorde behar bat beratzen. Eta orduan, mazeratuta dagoela, prest dago edaleak nahierara edan dezan. Tira, badira zurra onak, balekoak, erdipurdikoak, txarrak, oso txarrak eta mortalak. Ikus dezagun. Nazioarteko zurrakapote-eremuan, baditugu Trump, Putin, Kim Jong-un, Netanyahu, Erdovan eta enparauek gezurrez, misilez eta arma nuklearrez atonduriko zapore nazkagarriko zurrakapoteak. Hala, hobe da zurra-ontzi horietara ez hurbiltzea ere. Eta, hurbilduz gero, izan dadin ontziari ostiko bat eman eta haren edukia isurtzeko. Espainiako zurra-eremuan, badira, halaber, igelez, apoz, txorizoz eta morankoz beteriko zurrakapote higuingarriak. Hain dira txarrak, ezin daitezkeen ez usaindu eta are gutxiago edan. Aizue, edan txarrekoek soilik edaten dituzte zurra mortal horiek. Esate baterako, hor dugu, joandako astean, Bilboko Plaza Barrian eserita zegoen gazte zoritxarrekoa zurratu zuen sevillar astakirtena. Ziurrenik, fatxorro hori arestian aipatu dudan zurra nazkagarri horietatik milaka eta milaka litro edandakoa da haren jaiotza-egunetik hona. Eztanda egingo ahal dio astakume horri edandako zurra guztiak! Kontrara, guztiz kontrara oraingo honetan, zurrakapote edangarririk bada, zorionez. Urrutira joan gabe, gutizia hutsa izan zen dastatzea, zer eta, pasa den ostiralean, Iruñeko Baluarten hain xuxen, Ainhoa Garmendiak sopranoak, Gari Mendizabal txistulariak, Pello Ramirez biolontxelo jotzaileak, German Ormazabal piano jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak, bostek batera arte handiz prestatu eta elkarlanean dotoreziaz zerbitzatu  zuten zurra apartekoa. Bai, bai, gutizia hutsa! Publikoari dastatzen emaniko zurra, benetan, ahogozatzeko modukoa izan zen. Bertaratu zirenak ezin kenduz ibiliko dira oraindik –bai ahotik, bai begietatik eta, batik bat, bai belarrietatik– Ainhoa Garmendia sopranoaren ahots miragarri bezain sentikor eta ederra. Horiek horrela, dena ez dago gaizki zurrakapote munduan. Ze, hasiera esan bezala, badira zurra onak, balekoak, erdipurdikoak, txarrak, oso txarrak eta mortalak. Bizitza bera bezala!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!