Onar dezagun ezen izar distiratsu bat baldin badago Nafarroako Parlamentuko eserlekuen konstelazioan, izar hori –esan nahi baita, eguzkia baino goriago eta kementsuago den izar hori– Ana Beltran anderea dela, hori baino ez, hain xuxen ere. Zeren eta, hain da politikari prestu eta fina gaurko protagonista, hain da argitsua bere diskurtso eta adierazpenetan, parlamentuko gainerako izarrak mila argi-urtetara baileudeke harengandik. Horregatik, nekez itzaliko dio inork haren argia, ahaleginik ilunenak egin arren. Bai, bai, halakoxea da Beltran andrea, Nafarroaren gaineko zeru luze-zabalean dir-dir dagien izar nagusia. Aragoiko Zaragozak Agustina emazte adoretsua izan zuen bezala –gogora dezagun harako Agustina hark frantses inbaditzaileei kanoikadaz aurre egin ziela ezin ausartuago, zertarako eta gabatxo gaizkile haiek Zaragoza indarrez har ez zezaten–, Nafarroan ere badugu, neurri berean, geure Agustina partikularra, bera delarik, agerikoa denez, Zaragozan jaiotako Ana Beltran, hau da, gure Nafarroako Agustina Aragoikoa. Gauzak hola, Aragoiko Agustinak armada frantsesa nola, Ana Beltranek ere zeharo kikilduta, kuzkurtuta, akojonatuta dauzka bai Nafarroako euskotar, euskaldun eta abertzale gaixto eta zitalak, bai Ahal-duguko podemita erradikalak eta bai nafar-espainiar errepublikazale ezkertiar deabruak hartutakoak. Alabaina, arestian aipatu dudan parte txarreko jendaila horri buru egiteko, Beltran andreak ez du ez kanoirik ez trabukorik ez misilik zertan erabili behar, ez horixe!, zeren eta berak bai baitu beste arma bat, lehen esandakoak baino anitzez ere arriskutsuago eta suntsitzaileagoa, sekulan hutsik egiten ez duen arma hori, sinpleki esanda, beraren hitza da. Hitza baino ez. Izan ere, Beltranek hitza hartu orduko, horra hor nora doazen ihesean arerio guztiak, labezomorroak balira bezala, beren senetik aterata, izuaren menpe eta ikarak hartuta. Esan bezala, Ana Beltranen arma letal hori haren hitza da. Hitz zehatz, zorrotz eta landua. Anaren ideia sakonak, hark darabiltzan hitz, aditz eta aditzondo magistraletan bideratuak, gauza dira berenez arerio bipilenak ere indargabetzeko, ezeztatzeko. Egia da, Beltranek duen aparteko dohain horri esker, justuki, mutu gelditzen dira etsaia guztiak, baita La Barkos bera ere. Funtsean, haren diskurtsoaren sakontasunak eta hitzen fineziak ematen diote argi eta sua Nafarroako gure Agustina grinatsuari, berau, hasieran adierazi dudan gisara, izar bihurtzeraino. Betiereko izarra izan daiteke, agian? Izar pasakorra, akaso? Eta, menturaz, izar loka balitz? Ai, ai, ai, gure Aragoiko Agustina!