Ardoa

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko mar. 23a, 17:48

Hor dugu, mahats-mordoa (Vitis Vinifera delakoa), alea azukrez gehien duen momentuan, hain xuxen. Mahats-biltzearen garaia da. Gure lurraldean, iraila inguruan. 

Mahats-biltzaileak, hala, mahats-mordoak bildu, upelategira garraiatu eta bertan zapaldu egiten ditu, iragan batean oinez eginik, edo makinaz, gaur den egunean egiten den gisan: Tempranillo, Mazuelo,  Cabernet Sauvignon… Mahatsaren azalak legamia du, eta mahatsa zapaltzearen ondorioz, mamiaren baitan sartuko da legamia hori. Denbora, bitartean, aurrera doa; eta azukrea, hain justu, emeki-emeki ari da anhidrido karboniko eta alkohol bihurtzen. hor dugu ardoa, ardo osoa ez bada ere: Malvasía, Garnatxa, Hondarrabi Zuri… Lehenbiziko hartzidura, edo fermentazioa, gertatu ondotik, ardoa kupeletan jasotzen da, eta bertan eraldaketa kimiko zenbait fortunatzen dira. Ardo beltza lortzeko, azala eta mamia batera hartzitzen dira. Ardo gorria lortzeko, berriz, tenperatura-aldaketaz mozten da ardo beltzaren prozedura. Ardo zurietan, aldiz, azala kendu behar zaio mahatsari hartzitu aurretik: Merlot, Graziano, Chardonnay… Ardoa aspaldidanik da ezaguna. Izan ere, Ekialde Hurbileko lehen zibilizazioetan landu zuten estreinakoz. Georgia, Iran, Sumeria, antzinako Egipto… Gogoratu, bestela, Bibliaren ipuin-kontakizuna, zeinak erraten baitu Noek, eurite izugarria zela kausa, berrogei egunez hara-hona nabigatzen ibili, bere ontzitik jaitsi, mahatsa landatu eta ardoa obratu ondotik, sekulako mozkorra harrapatu zuen haren senide eta semeen lotsarako. Noe, Bako, Dionisio…, bai noski, ardozaleen gidari, aitzindari eta ardogintzaren sortzaileak: Izkiriota, Viura, Xuri Zerratia… Erromatarrek, hain xuxen, beren barrutietara ekarri zuten ardoa Ekialde Hurbiletik. Horrela, mama goxoa zabaldu zuten haien inperioan barrena. Lehen mendean, esate baterako –gerora Nafarroa izanen zen lu-eremuaren zati handi batean, artean erromatarren menpe zegoena– ardoa egiten zen Funes, Andelos, Ledea, Faltzes, Kaskante eta Zentronikon. Gerora, Erdi Aroan eta Pizkundean mahastiak lantzen segitu zuten orduko nafarrek. Non eta Iratxeko monastegiaren lurrretan, Ezkabarten, Arakilen, Izarbeibar eskualdean, Lizarraldean: Axeria, Bordelesa, Hondarrabi Beltza…Beraz, nola Europako hegoaldean batik bat, hala Euskal Herri osoan, hegoalde zein iparraldean, landu egin ohi da ardoa aspaldi luze hartatik gaurko egunera arteraino: hor ditugu ipar eta hego Nafarroako ardoak –Baxe Nafarroako Irulegiko ardoa barne, noski–, Arabako Errioxakoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko txakolina, bai zuria eta bai beltza.  Arno beltza, gorria, zuria, gozoa… bitsik gabea eta bisduna... Ardo merkeak, ertainak, garestiak… beiraz zein tetrabrik-ez edukiontzietan bildutakoak. “A, a, a, ardo gorri naparra, kontuz busti zintzurra, jo nahi ez baduzu lurra, eta hautsi lepa hezurra. A, a, a,  hau den ardo bikaina, A, a, a, ardo gorri naparra”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!