Halakoak aurkitzen ditugu zertaz eta lurra argitzen, berotzen eta biziarazten duen argizagiaz tratatzerakoan, eguzkiaz alegia. Eguzkia, bai noski, eta baita egoski, euski, eguzku eta iduzki ere, ahaztu gabe, halaber, iluzki, iruzki eta euskixa, besteak beste. Zuberotarrek, berriz, ekia deitu ohi diote antzinatik. Hain xuxen, izen horiek guztiak erabili izan ohi ditu euskaldunak gure izar nagusia izendatzeko. Horrez gain, eguzki-begi, eki-lore, eguzki-lore, eguzki-saindu, eguzki-haize eta besterik ere ageri dira oparo gure tradizioan. Eguzki hitza, itxura guztien arabera, egu eta -zki-tik omen dator, bien loturatik hain xuxen, non egu-k argia esan nahi baitu eta –zki-k ekia. Horiek horrela, eusko edo euzko, eta euskara edo euskera, eguzki-tik eratorritako hitzak omen dira. Esan nahi baita, antzina-antzinako euskaldunek, ziur, eguzkia gurtzen zutela, adoratzen, gorengo jainkoa-edo zelakoan. Euskaldun haiek ez ziren bakarrak, jakina. Egiptoarrek, Ra; Mesopotamiarrek, Shamash; Cannan-darrek eta Feniziarrek, Baal; Juduek, Kurios; Inka herriak, Inti; Mayek, Hunbab-Ku; Aztekek, Tona-tiuh; Greziak, Apolo; Erromatarrek, Helios… Izan ere, herri eta kultura haiek, bakan batzuk aipatzeagatik, eguzkia zuten babesle, denaren egile eta gaitzen kontrako lagun. Tira, kondairaren ondoren, zera, mitoaren estadio historikoa igarota edo, hobeki esanda, harekin batera eskutik helduta, eta maizenik haren kontra borrokan ibilia, hor dugu, zientziak erakutsita, eguzkia, zeina Esne Bidea izeneko galaxia gurean dauden 100 mila miloi izar horietako bat besterik ez baita. Duela 4.600 miloi urte inguru sortu zen eguzkia. Izar gaztea da, beraz. Gaztea, baldin eta Big-Bang prozesuaren hasierarekin alderatuz gero. Unibertsoak, kosmologoek erakutsi digutenez, 13 mila miloi urte ditu. Eguzkia, hala, izar hauts kopuru ikaragarri handia eta zenbait gas kondentsatzearen ondorioz sortu zen, grabitazio itzelak eraginda, prozesu luzearen medioz beti ere, gainerako milaka miloi izar bezalaxe. Gure Lurretik gertuen dagoen izarra gasez osatua dago, hidrogenoz eta helioz bereziki, eta barrenean, erdigunean, etengabeko erreakzio termonuklearrak gertatzen dira. Hala, hidrogeno-atomoen nukleoak helio-atomoen nukleo bilakatzen dira. Horregatik, justu-justu, masa galduz doa etengabe. Masa hori da, energia bihurtuta, haren baitatik kanpora irten eta gurera iristen dena. Aizue, eguzki-izpiek 8 minuturen bat behar dute Lurrera iristeko. Hidrogenoaren galeragatik, haren erregaia izaki justuki, 5.000 miloi urteren buruan izar gorri erraldoi bilakatuko da eguzkia; eta nola hain handia izango den orduan, gure espazioa beteko baitu, planeta guztiak zurgatuz, gurea barne. Azkenik, izar ipotx zuri bilakaturik, egun batean Eguzkia eta Eguzki-Sistema izan zireneko atomoak han-hemenka barreiatuko dira galaxian barrena. Eguzki amandrea, orduan, behin-betiko joanen omen da bere amangana.