Ubidea

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko ots. 22a, 18:32

Ubidea, lehenik eta behin, hitzak berak argiki azaltzen duenez, ur-bidetik dator. Bestela esanda, ura eramateko erreten artifiziala da ubidearen esanahia, gizakiak egina duelako, hain xuxen.

Orduan, zer da erretena? Erretena da gizakiak eginiko  ubidea, ubide txikia, baina. Horiek horrela, ubidea eta kanala sinonimoak dira; baina erretena ez da haien sinonimoa, ordea. Erretenak, bere aldetik, baditu sinonimo batzuk, hauen modukoak: alegia, malatu, arroila, naza, uharroila eta aska. Horiek guztiak, arestian esan bezala, ubidea baino txikiagoak dira. Tira, orokorrean, ubideak, edo kanalak, bi motatakoak izan daitezke. Batetik, akueduktua dugu, zeinak ura leku batetik bestera baitarama garaiera aldeak saihestuz, zertarako eta garraitutako ura gizakiek kontsumitu dezaten eta, horrez gain, baita nekazaritzako lurzoruak ureztatzeko ere. Adibidez, Iruñetik gertu, Noain inguruan zehazki, badugu akueduktu bat, erabileraz kanpo dagoena, dena esan behar. Aizue, erromatarrak iaioak izan ziren akueduktuak eraikitzen. Espainiako Segoviakoa, esandakoaren lekuko. Eta, bestetik, ur-bideak ditugu, hots, bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko bide nabigagarriak. Azken hauek, hain justu, egin eta erabili izan ohi dituzte itsasketa errazteko. Hor dago, aspalditik gainera, Korintoko ur-bidea, Julio Zesarrren garaikoa. Aro Berrian, aldiz, aipatzeko modukoak lirateke Panamako eta Suezko ubideak, bi-biak ingeniaritza obra erraldoiak direlako, bi itsaso ezberdinak lotzeagatik. Ospe handiko ubideak izan dira, halaber,  Frantzian barrena eraikitakoak, Loira eta Garona ibaien guneetan. Pirinioetan, kasu, Frantzia aldekoetan batik bat, eta baita Aragoi eta Kataluniakoetan ere, nahikoa arrunta da 2.000 metrotik gorako garaieretan halako ubideak topatzea. Era berean, Madeira irla ezagutzen duen entzule horrek badaki, ongi jakin,  zer den hango geografia menditsuko ubide sare ikusgarria, “levada” izenekoa, portugaleraz adierazita. Gurera etorrita, badugu Euskal Herriko Nafarroa honetan Lodosako ubidea,  joandako mendean obratutakoa, 1935ean, inguru haietako alorrak garaztatzeko erabilia. Eta gero, badugu Itoizko urtegiari lotutako ubidea, urtegiak bezala hark ere hika-mika dezente sortarazi dituena, bai ingurumenari dagokionez, bai haren finantzaketa ustez batere garbi eta neurriz gainekoa dela eta. Ubide honek, bere hasierako egitasmoan behintzat, 177 km-ko luzera zuen. Denera, 98 km. eginak daude. Beraz bada, 69 falta dira. Kontua da, orain, afera hau Uxue Barkosek gidatzen duen gobernuak zirt edo zart egin beharko duela hainbat korapilo askatzeagatik. Proiektua, jakina denez, polemikoa izan da hasiera beretik. Egindakoa hor dago, begi bistan; eta, orain, falta dena da azken faseari buru egitea. Ez dakit zuei, baina niri neuri bederen, sentsazio onak ematen dizkit Isabel Elizalde kontseilariak, berak ubideaz esandako eta proposatutakoak, nola gaiaren edukiaz eta helburuaz, hala haren esana esateko moduaz. Ubideko urak ez dezala bera ito, ezta gainerakoak ere. Ura, bitartean, aurrera doa bere bidea egiten.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!