Inauteriak

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko ots. 15a, 18:10

Harako hark esaten zuen bezala, mundua antzerki-antzezpen handi bat da, han non mundutarrok antzezleak garen, baina obraren gidoia jakin gabe, baldin eta  gidoia bada, noski.

Zera erantsiko nioke ideia horri: ez bakarrik antzerki-antzezpena, baita inauteri handia ere bada mundua. Gauzak hola, antzezpena eta inauteria, halakoxea da mundua; noiz atsegina, noiz nahigabetsua, eta maizenik, ez bata ez bestea: ez ur ez ardoa. Erroma klasikoaren garaian, udaberria hastearekin batera, hain xuxen, Saturnalia izeneko jaiak ospatzen ziren, zertarako eta neguaren amaiera ospatzeko asmoz. Nonbait, ohitura hura, hots, neguaren bukaera gorestekoa,  aski sustraituta zegoen lehenago hainbat kulturatan. Hala, jai, errito eta zeremonia mordoa zuten aspaldi luze hartan, udaberria zetorrela goraipatzeko. Hartzaren presentziak, adibidez, Europako inaute anitzetan hain xuxen, badu lotura zuzena arestian esandakoarekin. Hau da, hartza, negu mina zulo batean lo eman eta gero, kolpean jaioberritzen da udaberriko eguzki-printza epelak sumatu orduko. Kristautasuna Europan nagusiturik, agur esan behar izan zieten betiko algara eta jolas egun haiei. Izan ere, garizuma ezarri zuen Elizak bere barruti guztietan. Hala da: penitentzia gogorra egin behar da, neuk agintzen dudalako, kito. Haragia jatea, adibidez, debekatuta zegoen, eta parranda egitea ere bai. Aizue, eta hola berrogei egunez. Jakina, jarrera murriztaile horri aurre egin behar zen nola edo hala. Eta zer asmatu, eta erantzun gisa, herriak, antzinako ohitura paganoei eutsiz, inauteria asmatu zuen, zeina garizumaren berrogei-aldia hasi aurreko egunetan algaraz ospatzen zuten. Horren harira, kuriosoa da ikustea nola usadio paganoak eta egutegi kristaua nolabait bat etorri diren urteak joan eta urteak etorri, eta horrela, gaur egun arte. Gorabeherak gorabehera, betiere. Inaute edo inauteriak, eta, halaber, Iñuteri, irautiri, iñaute, jaute, ihaurtiri… eta beste modu batzuez deitu ohi dio euskaldunak hausterre egun aurreko igande, astelehen eta astearte aldiari.  Bizkaian, esate baterako, aratustea deritzote olgeta-sasoi honi.  Eta hor ditugu, ospakuntza honi atxikiak, zenbait pertsonaia: Lantzeko Miel Otxin, Ituren eta Zubietako joaldunak, Lapurdiko kaskarotak, Zuberoako maskaradak, eta abar eta abar… Tira, mozorro jantzian ibili behar da ezinbestez, inautea behar bezala ospatuko badugu. Esan nahi baita, eguneroko gure ohiko mozorroa kendu eta beste mozorro edo maskara bat janzten dugula mozorro-festan murgiltzeko. Kontua da gure ohiko aurpegia –ustez deus ezkutatzen ez duena– den bezalakoa ez erakustea jendaurrean, hura, aurpegia, gure egunerokoan mozorrorik gabe  eramanen bagenu bezala. Hara! Begira, begira!, horra hor Kurro Jimenez Barcenas, Kleopatra Beltran, Txarlot Espartza, Drákula Putin, Annibal Lecter Trump…  Malo, malo!... Vade retro Satasas!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!