Odola

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko ots. 9a, 15:38

Halakorik esaterik baldin balego behintzat, esanen nuke, nonbaitetik hastearren, txipiroien saltsa aparteko plater honetarako den bezala, odola badela ezinbesteko saltsa gure gorputzarentzat; kolore gorriko saltsa, kasu honetan, baina.

Tira, beste modu  batez adierazita: saltsa beltza txipiroientzat nola, halaxe ere odol gorria guretzat. Izan ere,  animaliez mintzatzean –geure buruez ere ari gara, beraz–, falta ezin daitekeen osagai nahitaezkoa da, hain xuxen ere, isurkari gorri hau. Gauzak hola, odolak, hau da, likido likatsu horrek, elikagaiak, hormonak, oxigenoa eta beste sustantzia batzuk banatzen ditu gorputzeko zati guztietara; hori bai, bera gure biriketan aireztatua izan eta gero. Eta ez bakarrik sustantziok banatu, baizik eta baita hondakin dezente ere, karbono dioxidoz betea baitago, jasotzen ditu hainbat ataletatik igarotakoan. Odolak, nolabait, elikatu egiten gaitu, eta zakarrontzia ere bada, aldi berean. Odola hain premiazkoa dela kontuan hartuz, bidezkoa zaigu galdetzea zer harreman-mota izan dugun eta dugun gizakiok harekin. Oro har, esanen nuke odolak adoretu eta nazkatu egiten gaituela, egoeraren arabera. Areago, begi-bistan dugunean, biziki beldurtzen gaitu, hainbesteraino non hainbatek odoljario bat ikusi orduko, dela berea dela beste batena,  konortea eta guzti galtzen baitute izu-ikarak jota. Halakoetan, pertsona odolgabetua deituko diote zenbaitek odolaren beldurrez dabilen horri. Odolarekiko harremana azterturik, garbi dago bi sailkapen egin behar direla kontu hau zein sexutatik aztertzen den ikusita. Emakumea, bere biologiagatik, ohituta dago, erabat gainera, odola ikusi, usaindu, ukitu eta sentitzera; berak, hain justu, jariatzen baitu odola bere ugal-aldiak dirauen artean; hilekoaren medioz, jakina. Hartara, 12 eta 50 urteren bitartean, emakume batek, batez beste, 450 hileko izaten ditu, eta hark beste hainbeste obulu sortarazten ditu. Horrez gain, emakumeak erditzen duenean, eta guztiok gatoz emakumeen erditze-saio batetik, odol artean egiten du. Oroitu, ez gara oroitzen, baina odolez bustirik umatzen gaituzte gure amek munduratzerakoan. Esandakoarengatik, erlazio ezinago estua du emakumeak odolarekin. Eta gizonak, zer harreman ote du gizonak odolarekin? Gizasemea, izan ere, odoltzale izan da gehienbat. Zera, odol isurle, odol eragile, besteren etsai odolgiroa. Antzinatean, ehiza zela eta, ikusiko zuen hark odola nola zerien animalei, turrustaka. Denboraren medioz, baina, gizonak, odol zale bihurturik jada, bere odol-egarria asetzeko, ezin konta ahala odol-litro isurarazi egin du makina bat gerra, sarraski eta borroketan. Odolak odola eskatzen du, noski. Historia, hein handi batean bederen, odol-isurtze etengabea izaki, malko eta odolezko tintaz idatzi behar genuke, nik uste. Amaitzen joateko: gehienetan, lehen orain bezala, azalaren koloreari lehentasun eta garrantzia eman ohi diogu honelakoak eta halakoak sailkatu, mesedetu edo baztertzeko xedearekin. Baina, hor dugu odola, gizaki guztiak odolkide egiten gaituen sustantzia hori. Pertsona heldu batek, izan ere, bospasei litro odol ditu, eta gure pisuaren % 8, gutxi gora-behera, dagokio odolari. Funtsezko sustantzia da, txipiroien saltsaren modukoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!