Hain da, nola esan, hain bakana eta hain erabilera anitzetakoa, bai naturan, bai kulturan eta bai eguneroko kontuetan, jende ugarik, lehenagokoek zein oraingoek, gorengo zenbakitzat, zenbakien artean nagusitzat, hartu ohi baitute haren aparteko ezaugarriengatik. Horra hor, entzule, adibide sorta bat, han non, agerikoa denez, zazpia ezin dudatuzko protagonista den. Bada, zorroztu belarriak:
Zazpi dira Ostadarreko koloreak, eguzkiaren argi-espektroan ageri direnak bezainbestekoak. Zazpi ziren, hain xuxen, betiere antzinako greziarren arabera, duela 2.600 urte, Grezian bizi ziren zazpi jakintsuak, haietako bat Tales Miletokoa izaki. Zazpi ziren, halaber, De Septem Orbis Miraculis, edo Aspaldi-aspaldiko Munduko zazpi eraikuntza miragarriak, Artemisa Tenplua zen haietako bat. Zazpi dira, bestalde, ez gehiago ez gutxiago: Do, re, mi, fa, sol la, si.. eskalako ondoz ondoko nota musikalak.
Biblian esaten denez, Zazpi egun behar izan zituen Ahalguztidunak mundua sortzeko. Zazpi egun ditu asteak. Zazpi bizitza omen ditu katuak. Eta Zazpi beso ditu Menorá delakoak, zera, juduen kandelabro sakratuak. Zazpi dira Edurne Zuriren ipotxak. Eta Zazpi ziren Japoniako samuraiak. Baltimore zientzialariak eginiko ikerkuntzan adierazten du birusak Zazpi multzotan sailkatzen direla. Zazpi dira, era berean, Eliza Katolikoaren bekatu nagusiak. Zazpi direlarik, hain justu, erakunde erlijioso horren sakramentuak.
Zazpi dira arte ederrak. Zazpi diren bezalaxe Mexikoko Nahuatlacas izeneko tribuak. Zazpia da, Txinako tradizioan, zorte onaren zenbakia. Eta Zazpi izurrite jasan zituen Egiptok antzinatean. Eta hau guztia gutxi balitz bezala, Zazpigarren Eguneko Eliza Adbentista izateaz gain, zer gertatzen da ba urtero, urteko zazpigarren hilabetearen zazpian… Pum-pum-pum, gora San Fermin! Aldi berean, goieneko aldetik barrenekora, Zazpi dira zazpi Bilboko Zazpi kaleak.
Bada “Ken Zazpi” pop-rock euskal taldea; hau da, sortzaileek ez zuten aukeratu “Ken Hiru” edo “Ken Bederatzi” izentzat, “Ken Zazpi” baizik. Euskaraz, halaber, Zazpi Ahuntzak eta Zazpi Lapurrak dira, hurrenez hurren, zeruko bi izar-konstelazio zehatzen izendapenak. Eta Zazpia buruan xedetzat hartuz, justuan, Zazpiak-bat esapidea asmatu zuen Antoine Abbadiek, Zazpi Euskal Herriek noizbait bat eginen zutelakoan… “Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun, guztiok beti-beti gauden gu euskaldun”.