Lantxurda

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko urt. 18a, 18:01

Lantxurda haize hotzak bazterrak gogor eta gogotik jotzen dituenean, bai harri, bai landare eta bai basoko zuhaitzei –berauen adar eta hostoei batik bat– lotzen zaien izotz geruza mehar eta zuria da. 

Esan dezagun, hitzaren arabera, lantxurda aztergai dugula, atmosferako gertakari zehatz bati buruz ari garela. Hori adierazi eta gero, zehaztapen bat egin beharrean gaude gaiaren inguruan: alegia, lantxurdak bi esanahi dituela: batetik, lantxurda euri mehe-mehea da, hagitz ttipia. Edo, bestela esanda, langarra, zirimiria, lanbroa, bisutsa eta beste. Laburbildu beharrez, lantxurda, bere adieretako batean bai behintzat, hodeiak oso behean daudenean sortzen den eurixka baizik ez da… Baina ez hori bakarrik.  Ez horixe.

Zeren eta, bestetik, eta agian segidako adiera hau izan liteke gehien erabiltzen den modua, lantxurda, hain xuxen, haize hotzak bazterrak gogor eta gogotik  jotzen dituenean, bai harri, bai landare eta bai basoko zuhaitzei –berauen adar eta hostoei batik bat– lotzen zaien izotz geruza mehar eta zuria da. Eta jarraian, beste ohar bat: hau da,  lantxurdari antzigarra edo intzigarra deitzen zaio leku anitzetan. 

Aurrekoa entzunda agian bateon batek pentsa dezake, arrazoi osoz gainera, ihintza lantxurdaren beste sinonimo bat ere badela. Baina ez, ez da horrela. Izan ere, ihintza ur-tanta ttipi itxuraz ageri ohi da landareen artean, nola gauean hala goizean; noiz eta eguzkia ezkutatu eta tenperatura bat-batean erortzearen ondorioz aire-geruzan dagoen ur-lurrunaren kondentsazioa suertatzen denean.  Ihintza, horregatik, ura baino ez da, landareei eta lur-azalari tanta moduan atxikitzen zaiena. Baina ihintza ez da izotza, eta lantxurda bai, ordea.

Gauzak hola, zer gertatu behar da zola edo basoa edo landareak lantxurdaz estalirik ager daitezen gure begien aurrean? Hona erantzuna: den azalera delakoak –basoa, zelaia, etxeetako teilatuak…– zeru gradu zentigradotik beheitiko tenperatura behar du izan, nahi eta nahi ez. Horrez gain, gainera, airearen hezetasuna aski nabarmena izanen da, %60-tik goitikoa zehazki; zeren, bestela, hezetasun hori izan ezean, airean metatzen den ur-lurruna ez baita inolaz ere izotz bihurtzen.

Aizue, hau guztia gutxi ez eta, gainera, lantxurda –baino oraingo honetan hitzaren lehenbiziko “ELE” letra larriz idatzia– Nafarroako mendebaldean altxatzen den mendi baten izena da. Mendi honek,  Lantxurda deiturikoak alegia, Irunberriren hegoaldean du kokaleku,  zehatzago Ezporogi eta Orba ibarren artean, Izkoko mendi lerroan, hain xuxen. Ba, Lantxurda da bertako mendi gorena, 1.000 metrotik goitikoa. Eta, aintzat hartuz oraintxe  kanpoan dugun hotza eta paraje hartan egon daitekeen hezetasuna dela medio, ziur aski, lantxurdaz  jantzirik egonen da Lantxurda mendi-kaskoa Izko inguruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!