Olentzero

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2016ko abe. 21a, 18:39

Oroitzapen onak dauzkat, hagitz onak, Olentzeroren ospakuntzari lotuak.  Oroitzapenok, hain xuxen, joan den mendeko hirurogeiko hamarraldiaren erdira naramate zuzenean. Orduko hartan, 1965. urte  inguruan alegia, 12-13 urte nituen, eta han nenbilen, San Fermin kalean, San Antonio elizaren egoitza parean, hain justu. 

Abenduak 24 ditu, zehazki. Ezker eskuak txistuari eusten dio eta ezker besotik zintzilik danbolina dabil, kulunka. Bi-biak, txistua eta danbolina, joaraziko ditut lasterrean, Olentzero, justuan, hastear dago eta. Segizioa hasi da ibiltzen, karrikarik karrika. Gehienez jota, 200 lagunen bat ariko gara parte hartzen bertan. Guztiak, edo ia guztiak, gaztetxo zein heldu, gizon zein emazte, ustez baserritarrak jantzi ohi diren modu beretsuan jantzita daude. Tira, Lizarrako Hilario Olazaran kaputxinoa ez doa artzainez jantzian, kaputxinoz baizik. Hark ere, gizon gehienek bezalaxe, txapela darama buruan. Txistularia da, eta txistua jotzen ikasteko metodo bat egin du berritan. Haren medioz, justu-justu, eman nituen nire lehen urratsak txistuaren eremuan. Biribilketak jotzen ditugu txistulariok, eta “Mesias sarritan” ere bai, oraingo honetan, baina, San Antonioko eskolaniaren ahotsekin  batera. Isidro Ansorena ibiliko da tartean, berak zuzentzen baitu abesbatza. Jende multzoan, halaber, Carlos Santamaria ageri da, beti bezala, prestu eta erne, arazorik izan ez, eta dena zuzen joan dadin segizioari dagokionez. Espaloietan, bestetik, ez da jende askorik ikusten. Horregatik, eta hotz handia dela medio, arin-arin doa Olentzeroren laguneria. Aurpegi ez oso abegikorrak ere antzematen zaizkie kaletar bati baino gehiagori. Badakizu ezta? Kristautasunaren aurreko pertsonaia dugu Olentzero. Paganoa da , beraz. Eta, horrez gain, abarkaz, blusaz, ardi-larruz eta gona luzez jantzitako horiek guztiak elkartze makurraren kideak dira, bestela esanda, “kontubernio” gorri, judu, masoi, ateo eta separatisten lagunkide adardun, buztandun eta… haur-jaleak. Malo-malo! Urteak joan eta urteak etorri, eta Olentzeroren goranzko etengabeko bilakaera  ikusirik, aizue, aztertzeko moduko fenomeno sozialtzat hartu behar genuke, bai antropologia modernoaren aldetik eta bai soziologiaren ikuspuntutik. Gertaera zinez interesgarria baita. Zeren eta, modu zinez misteriotsu batean, neguko solstizioa eta Gabon-gaua irudikatzen duen artzain ospe handiko hark –ikazgile, zurrutero eta alproja samar–, nondik eta Lesakatik hurbil bizi zen menditik jaitsi, herrira joan, bertakoekin kantuz, dantzan eta algaraz ibili eta, azkenik, Iruñerako bidea hartu zuenetik –egundoko arrakasta lortu baitu azken hirurogei urteotan, eta ez Nafarroan soilik, baizik eta baita gainerako euskal lurraldeetako hiri, herri eta herrixka askotan ere. Bai noski, Euskal Herrian ez ezik, munduko bazter anitzetan ere gorazarre egiten diote behiala basoa utzi eta hiritartu zen pertsonaia mitiko eta ospetsu honi.

Olentzaro, Onentzaro, Onontzaro, Orentzaro, Olentzero….

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!