Alde horretatik, idazle ugarik, lehengoek zein gaur egungoek, ipar zein hegoaldekoek, erabili izan dute “zirimola” beronen bertsio guztietan, erruz gainera. Konparazione, Haraneder, Duvoisin, Larreguy, Iratzeder eta Urkiaga idazleek nabarmen darabilte zirimola beren idazkietan. Horra hor, entzule, erabilpen horietako batzuk: “Nola egon xutik, haize, xirinbola eta infernuko gathaska guzien erdian?”, “Xirinboletan, amak itsasoz duen haurraz du bere bihotz min guzia”. Eta beste bat: “Eta egin zen lakhua gaiñean haize xirimola bat hain handia, non urez bethetzen baitzen barkua”. Hortaz, zirimola –edo, nahi izanez gero, zurrunbilo edo haize-burrunba– fenomeno naturala da, zeina nola eguratsean hala itsasoan eratzen baita, aire-presioan, hain xuxen, bat-batean halako aldaketa gogorrak fortunatzen direlako. Horregatik, zirimola dela kausa, astindu ederra jasaten dute zuhaitzak, farolak eta kaleetako xaflak, eta, halaber, hark eraginda, olatu ikusgarriak ere altxarazten dira itsaso zabalean. Zirimolaren kontra, izan ere, deus guti egin dezake goardasolak gu haren furiatik babesteko. Bestalde, eguratsean edota itsasoan bezala, bizitzan ere maiz kolpatzen gaitu zirimolak. Halatan, zirimolak gure barru-kanpokoak inarrosten dizkigu serioski. Kasurako: “Ai, gaixotasun-zirimola batek adiskidearen atal guztiak jo eta gero, hura ohatzean sartu zen erkindurik”. Horra beste pare bat: “Hain zen ikaragarri handia elkarrekiko zeukaten zalantza-txirimola, lasterrean banandu baitziren, haientzat onena zelakoan”. Aurrekoaren kontrara, berriz, honako hau: “Bi maitaleak, taberna barruko giroaren babesleku, zirimolan zeuden suharki elkarri musuka eta besarka”. Jakina, zirimola beste zentzu batez ere erabiltzeko modukoa litzateke. Baga: “Gaueko haize ahul gaixto batek Altsasu hartu eta, informazio-burrunba eta epaile ez-oso-zuzena dela medio, egundoko xirinbolakhartuak ditu herria eta herritarrak”. Biga: “Trump-en garaipenak gehieneko 6 mailako zirimilu erraldoia altxarazi berri du Estatu Batuetan nahiz nazioartean”. Higa: “Afapna sindikatuak pizturiko su xiramilla gorri batek sutan jarriak ditu euskarazko 100 irakasle funtzionarioen buru-kaskoa”. Eta laga: “Fidel Castroren heriotzak zirimola eragin die munduko kazetarien ordenagailuei azken egunotan, han eta hemen”. Labur adierazita: hala esaterik baldin badago, ez omen da posible hor barna ibiltzerik, inoiz edo behin zirimolaren astindu estugarririk jasan gaberik. Zeren eta, argi eta garbi, zirimola hasten zaigu jotzen eta zirikatzen, kasik jaio eta berehala…