Osasuna

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2016ko aza. 2a, 18:51

Lehenik eta behin, zer moduz, entzule? Osasunez ongi al zarete mikrofonoz bestaldean? Eta mikrofonoz alde honetakok? Zer moduz al gara ba gorputzeko zein espirituko osasunez?

Eta zera galdetzen diot neure buruari, alegia: eta mintzo hauek ahoskatu bitartean norbait aditzen arituko balitz oraintxe bertan, bera etxeko edo erietxeko ohatzean etzanik egonda, gaixotasunen bat nozitzearen ondorioz? Zer esan nezake, orduan? Horrela ez dadila gerta, noski. Baina, tamalez, hala balitz, hau da, gaixo bazaude, zauden lekuan zaudela, animo eta eutsi goiari! Eta, ahal dela, ez erori etsipenean! Izan ere, halakoxea baita askotan osasunik eza, etsigarria! Zehazki, zertaz ari gara osasunaz mintzo garenean? Lehenbiziko begiratu batean, balirudike gaixotasunik gabeko egoera bat baizik ez duela osasun kontzeptuak deskribatzen. Bestela esanda, uler dezagun “osasun ona”. Halere,  endoskopioa zorrotzago aplikatuz gero gorputzeko barrunbeetan, orduan osasuna gaixotasunik ez izateaz haratago doa, haren esanahia, hain zuzen, nabarmen zabaltzen delako. Osasunerako Mundu-Erakundeak baieztatzen du, irmoki gainera, osasuna ongizate fisiko, psikiko eta sozial osoko egoera bat dela, eta ez soilik gaixotasunik gabekoa. Tira, ados egonda ere nazioarteko erakunde horren definizioarekin, esan behar genuke inor ere ez dabilela osasuntsu mundu honetan, mundua bera, hain justu, zauriz, urradurez eta bestelako gaitzez beterik dagoelako. Hortaz, hein batean, mundu edo gizarte eri batek nola ez duen ba gizaki eririk sortaraziko, bera hain pattal, hain hondagarria izaki? Horren haritik, gertu-gertuko adibide bat ekarriko dut hizpidera, hauxe: Iruñeko alde zaharreko biztanle ugari, eta baita La Milagrosa auzoko jende andana bat ere, ez al dira osasunez oso gaizki, haiek, justuan, beren etxeetan sufritu behar izaten dituzten zarata eta oihu gogaikarriak eta bestelako eragozpenak direla kausa? Bai horixe! Haien osasun-galera, fisikoa nahiz psikikoa, egoera sozial jakin batek sortua da. Izan ere, kaleko patxanga astun horrek atseden hartzea eta lo gozoan egotea eragozten die herritar koitadu horiei, bai aste batean, eta baita hurrengoan ere. Argi esanda, iruindar horien gaitza gehienbat Iruñeko gizarteak berak eragindakoa da. Horregatik, iritzi ezberdinak gorabehera, osasun arazo sozialtzat jo beharra dago zarataren inguruko auzi larri hori, multzo zabal bati bete-betean eragiten diolako. Eta gero, badugu, bestaldetik: “Osasuna, osasuna, oe, oe, oe”, baina hori, Osasun hori, beste zakuko irina da. Alabaina, beste okasio baterako utzi beharko dugu kontu hori, irin hori ilunegi egoteagatik, nahiz eta gaur, egia esatera, argi aratzeko eguna izan. Zuen eta gure osasunerako. Aupa Osasuna!!! 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!