Alegia, lehen, aspaldietan, protokolo aditu orduko, ekitaldi ofizialetan jarraitu beharreko arau formalen multzoa besterik ez zetorkigun burura. Arau multzo bat baino ez. Oh!, Olivares de la Reina-ko markesak ez zuen protokoloa bete, noiz eta erregearen omenez eginiko bazkarian, non protokoloz errege-erreginaren seme-alabak ez zeuden, otorduan zerbitzatutako lupia zatikatzeko, arrainetarako aiztoa erabili ordez, okelarakoa baliatu zuenean. Hura bai lotsagabekeria! Hori zela eta, gainerako mahaikideek –eta erregeak berak– onartezintzat jo zuten markesaren jokabide iraingarri hura. Horrez gainera, notarioek beren egoitzetan gordetzen dituzten jatorrizko agiri eta eskrituren multzo ordenatua ere bada, aldi berean, protokoloa. Hain zuzen, Olivares de la Reina-ko markesa zirrosiz hil eta haren semea Isidro Rodrigo Gonzalo Federicok, Borjako kondeak, bere egin zituen zendutako markesaren alorrak eta dozena bat kortijo, notaritzako testamentuan ageri denari jarraituz. Protokoloak badu lotura esturik, halaber, nazioarteko itun edo akordio diplomatiko baten negoziazioaren akten bildumarekin. Gehienetan, egia esate aldera, akta horietan bildutako akordioak hanka-artetik pasatzen dituzte akta horien sinatzaileek. Palestinaz edo Siriaz onarturiko protokolo-itunekin gertatutakoa, esandakoaren lekuko. Lehentxo esan bezala, gaur, nabarmen zabaldu dira adierak protokolo hitzaren inguruan. Orain, izan ere, honetarako edo hartarako jokaera-protokoloa bolo-bolo dabil gizarte eremu guztietan. Hona zer den jokaera-protokoloa: egitasmo baten garapenerako ezarritako prozedura espezifikoa. Hain justu, prozedura hori behar bezala, zuzen eta modu eraginkorrez aplikatzen denean, orduan protokoloa ongi aplikatu dutela esan ohi da. Prozedura oker aplikatuz gero, orduan, noski, gaizki aplikatutako protokoloaz ari gara. Gogoratu besterik ez dago, adibidez, pasa den abuztuan, Tafalla inguruan piztutako sute handia zela eta, oposizioko alderdiek eginiko salaketa, Uxue Barkosen gobernuak sutea itzaltzeko protokoloa gaizki aplikatu omen zuenekoa. Hau dela eta hori dela, badirudi jarduera guztiek beren protokoloa behar dutela izan nahi eta nahi ez, hainbesteraino non, konplexutasun garai honetan, ez baitago jarduerarik egiterik kasik, lehenago hari buruzko protokoloa finkatu ezean. Gauza jakina da, azkenik, bizitzeak arau mordoa ezartzen duela berekin, zertarako eta, sinpleki esanda, bizi ahal izateko. Protokoloak agintzen duenaren arabera, betiere.