Larrazkena, edo udagoiena, edo udazkena edo, zergatik ez, neguantza ere deritzona aditu orduko, izen ezberdinak hartzen dituen baina izate jakin bat besterik ez duen urtaroetako bati buruz ari garela, udaren ondorengoaz alegia, ohartzen gara berehalaxe.Joandako batean, mendi-bueltan nenbilela, larrazkenari erreparatu nion arreta handiz. Egia esatera, nahiz eta zentzumen guztiak batera lanean jarri, ba, ez nuen larrazken-zantzu handik nabaritu inguruan. Horren harira, hosto ugari ikusi nituen baso-azpian barreiaturik, harat-honat, baina larrazkenean gaudela esateko moduan, ez hainbeste. Hosto zabaleko zuhaitzek, adibidez, bere hartan eusten diote hostoari oraindik. Tira, eta hostoa bota dutenak estresagatik izan da, horrengatik baino ez. Zeren, arbolak, ez pentsa, estresatzen dira, gu bezalaxe, bestalde. Baina ez, adibidez, neurriz gaineko lan egiteagatik edo, okerrena, haren faltagatik. Ez, haien egonezina ez da horrexegatik. Zuhaitzak, hain zuzen, gorriak eta bost pasatzen dituzte ur faltagatik edota bero sapa jasateagatik. Laburbilduz: deseroso bizi dira haien bizitokia pomez-harria edo lasto-fardela baino idorrago egoteagatik. Beno, motozerraren soinuak ere dardarka paratzen ditu, eta Donato Larretxearen aizkora-ukaldiak ere bai. Momentuz, behintzat, eta esandakoarengatik, larrazkena ez da ageri gure bazterretan. Belazeak idor daude. Eta belarra ez da berdea, horixka baizik. Basoan, bitartean, ez gibelurdinik, ez ilarrakarik, ez onddo beltzik… Zeruan ere ez da usorik igarotzen ikusten, usook Europako ipar aldean hegalak astintzeke daudelako, epel eta goxo. Larrazkena, aitor dezagun, ugaria da soinuetan, honexen modukoetan, hain zuzen: