Josetxo Azkona. Hitzaren arabera: Hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2016ko ira. 22a, 18:47

Behin batean, aspaldi-aspaldian, duela 14 mila miloi urte inguru, ez  Tutankamon, ez Santimamine ez jueves-pintxo ez zeudelarik– eztanda ikaragarri ezin handiagoa izan zen nonbaiten; zehazki, dentsitate-puntu ezinago ttiki minimo batean. 

Eta hain izan zen egundokoa eztanda hura, oraindik ere hor-hemenka aditzen baita arrabots haren oihartzuna. Kosmologoek eta astrofisikoek diotenez, Hasiera hura bakana, errepikaezina eta ezin singularragoa izan omen zen, han non materia, energia, denbora eta espazioa bera, horiek guztiak elkar batera eta bakoitza bere kasa existitzen hasi baitziren bat-batean; zer-nolakoen zergatikoa, agian, sekula jakinen ez dugularik. Beno, badago salbuespen bat, zeren, Big Bang delakoa gertatu baino askoz ere lehenago “ente-izate-erakunde-nazio jakin bat” baitzegoen. Eta Espainia izena zuen, hain zuzen –eta hala deitzen segitzen du oraino–, Espainia bai noski,  singularitate fisiko-animiko horrek. Nolanahi den, Abiamen Handia hartatik datoz, justu-justu, hasiera guztiak, gurea barne, eta  amaiera guztiak ere bai. Izan ere, hasten den guztia amaitu egiten da. Amaiera orok hasiera bati bide ematen dioten bezalaxe. Baiki, hasi eta buka, buka eta hasi; eta hala, etenik ez duen soka-dantza batean bilakaturik… Baina amaieraz ez dut deus ere esanen. Reyesek agindu didanaren arabera, hasieraz soilik elekatu behar dut nahi eta nahi ez.  Nik, horregatik, hasiera hitza hartu, hura hasieraraino bertaraino eraman, hartaz  mintzatzen hasi, eta, kasik konturatu gabe ere, honaino iritsi naiz, noraino eta irrati-denboraldi honetako lehen saioari hasiera emateraino. Eta hala izan bazan, sar dadila kalabazan, eta ager dadila… non eta… Iruñeko Irrintzi plazan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!