Laba zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2022ko urt. 11a, 17:38

Irrintzi hau zorion-irrintzia da, eta, bidenabar, zorionak emateko irrintzia ere bai, LABA zabalik baita, non eta hiriburuzagi honen bihotz-bihotzean, Gaztelu plazan, non eta Windsor zaharminduaren eta La Perla are zaharminduagoaren artean, nork eta  gazte jendeak zabaldutako txoko ederra, euskaldunon topagune berria.

Txalo-zaparrada gu baino gazteago diren ekintzaile horiei guztiei, auzolanaren bidez egin baitute besteok egiten asmatu ez genuena; mila kilo zorion zuena izan baita ekimena, gurea sustengu xumea.

Eduardo Galeanok poema bat idatzi zuen, nik zuentzat euskaratu dudana:

Gauza ttiki-ttikiak dira.
Ez dute pobrezia desagerrarazten
ez gaituzte azpigarapenetik ateratzen
ez dituzte ekoizpen eta aldaketa-bideak sozializatzen
ez dituzte Ali Babaren kobazuloak desjabetzen.
Baina egia esateko piztu
eta ekintza bilakatzen dituzte.
Azken finean
errealitatean eragin eta aldatzea
pixkatxo bat badarik ere
bada errealitatea
aldatu daitekeela
frogatzeko modu bakarra.

Gora LABA; biba zuek!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!