Argentinako diktadura garaian (1976-1983), Adolfo Scilingo Armadako kapitaina ESMAn, Escuela de Mecánica de la Armada delakoan, torturatzaile ezagunenetako bat izan zen. Scilingori hainbat eta hainbat lagunen desagerketa egozten zaio, heriotza-hegaldiak eginez. 2007an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Garzón epailearen aurrean azaldu zuenez, atxilotutako militante politikoak biluztu eta drogen eraginen menpe zeudela, itsasora botatzen zituzten hegazkinetatik. Adolfo Scilingok adierazi zuenez, Espainiako Armadako kideak joan ziren Argentinara torturatzen irakastera. Kapitain honek hiru tortura-irakasle espainiar izan zituen, eta horietako batek esan zioenez, ETAren kontrako borrokan aritua eta aditua zen, eta Espainiako errege Juan Carlosek berak propio bidalia Argentinara.
Juan Carlos errege emerituak Abu Dabin jarraitzen du gorderik, eta guk jarraitzen dugu dakiguna ikasten, Patziku Perurenak aspaldian idatzi zuen liburu guztiz gomendagarriari izenburua maileguan hartuta. Dakiguna ikasten, bagenekiena asmatzen.