Elezahar bat: Amalur, Basajaun eta Aker

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2020ko mai. 26a, 17:24

 Aspaldi handian, animaliak eta landareak mintzo ziren garaian basoko izakiak bizi ziren gure mendietan. Ilargiarekin eta Eguzkiarekin batera, Amalur, Basajaun eta Aker gurean ziren nagusi. Amalurraren alde banatan Ilargia eta Eguzkia begirale zirelarik, pagoak eta haritzak, astigarrak eta izeiak, makalak eta zurzuriak zabaldu egin ziren, aise zabaldu ere.

 Basajaunaren oniritziarekin animaliak eta piztiak ere barreiatu egin ziren aske barreiatu ere azeriak eta urtxintxak, otsoak eta arranoak, muxarrak eta erbinudeak.  Aker, berriz, lur azpiko leize eta kobazuloetan bizi zirenen zaintzailea zen,  eta begira zituen satorrak eta sugeak, sagu-zaharrak eta zizareak, emakumeak eta gizonak.

 Baiki, leize-zuloetan gizakiak bizi ziren, emakumeak eta gizonak, zenbat eta bizkorragoak hainbat eta trebeagoak, are gehiago mintzoaren jabe egin zirelarik; zenbat eta abilagoak gero eta ausartagoak, are ageriago suaren jabe egin zirelarik.    

Akerraren adarrak okertu egin ziren gizakiak zuhaitzak bereizten hasi  eta fruituak ematen zituzten arbolak landatzen hasi zirenean eta are gehiago okertu ziren gizakiak piztiak bezatzen hasi eta animaliak abere bihurtu zituenean. Denbora kontua baino ez zen izan, abere anitz zituztenak aberastu eta aberats bihurtu zirela leize-zuloetatik atereaz eta Lur osoan barreiatu egin zirela basoari tokia kenduz,  eta animaliak ehizatuz,  neurrian hasieran, neurrigabe gaur egun.

Ilargia eta Eguzkia, handiegiak izanik eta gizakiengandik urrunegi egonik zeru goienetan aritzen dira txandaka, lasai asko, gauez bata egunez bestea, Amalurraren lagun nekaezin eta erneak, bata zein bestea noiztenka kukutu egiten diren arren, gizakiek horri eklipse deritzelarik.

 Amalur, Basajaun eta Aker gizakiaren hedatzeaz geroztik gorderik bizi dira gurean ezkutaturik mendi altuetan eta gorderik baso sarrietan; horregatik behe-lainoak, eta langarrak hartutako mendietan noizbehinka ikusten ahal dira, azken buruan beraiek izan baitziren nagusi aspaldi handian, eta nagusi dira oraindik ere baso trinko gordeetan.

Horren guztiaren adierazgarri eta adierazle hiru enbor berezi daude,  noizbait zuhaitz izan zirenak orain Amalur, Basajaun eta Aker itxura hartuta irauten dutenak non eta Basoan, Basoa pasealekuan, non eta Eguzki plazaren eta Ilargi plazaren artean, Berriozarren, Iruñea ondoan, Euskaldunon Hiriburuzagitik hurbil.

 Eta hala zan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila, Irrintzi plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!