Guillermo Chifflet, agur eta ohore

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2020ko api. 29a, 17:19

Herenegun Guillermo Chifflet  hil zen, Montevideon. 93 urteko politikari hau Uruguaiko Ezkerraren erreferente bat izan da hainbat hamarkadatan: Alderdi Sozialistako kide, politikagintzan eragile handia eta Frente Anplio ezkerreko koalizioaren sortzailea. Bere printzipioei gogoz eta gogor atxikirik, eredu eta adibidetzat hartu zuten denek 2005ean Uruguaiko Gobernuak Haitira tropak bidaltzearen aurka agertu zelarik, Ordezkarien Ganbaran bere eserlekuari uko eginda. 

Baina horretaz gain, euskaldunen eta Euskal Herriaren alde lan handia egindakoa zen, euskal errefuxiatuen alde egindako azpiko lan isilak eta agerikoak. Felipe Gonzalezen garaian, PSOEko Rafael Vera estatu idazkaria Uruguaira joan zen La Trainera  ostatuan aritzen ziren euskal errefuxiatuen aurkako sarekadaren kontura. Rafael Vera berbera, Segoviako espetxean bukatu zuena GALek Segundo Marey bahitzeagatik. Eskerrak Uruguain Guillermo Chifflet bezalako jendea ere bazela, Uruguaiko Alderdi Sozialistako buruzagia, Iparraldeko arbasoak izanik, Euskal Herriaren aldeko haren engaiamendua ez zen soilik bihotzez, baita buruz eta eskuz ere. 

Nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, gizon edadetua baina artean argia, jakintsua eta era berean umila, jantzia eta zuhurra aldi berean.  Artean gogoratzen zuen hainbat lagun euskaldun, besteak beste, Karmelo Landa, Ezker abertzaleko europarlamentaria izandakoa; Karmelorentzako goraintziak emateaz ez zen ahantzi Montevideoko bere etxean egon nintzen solasaldi atsegin hartan. Guillermo Chiffleti buruzko El combate de la pluma - Lumaren borroka liburuan, Guillermoren kontura hauxe esaten du bere kide batek: “[Uruguaiko] Sozialistok etika bat genuen, eta Chifflet ildo horretatik zihoan: zintzotasuna, printzipioak eta koherentzia.” 

Agur, Guillermo Chifflet; ohore handia izan zen zu ezagutzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!