Gure semeari Ilargia eta lapurra izeneko ipuina irakurtzen genion txikitan lo aitzin. Bi eletan laburtuta, aspaldi handian bazen baserritar bat, alper hutsa, ondoko baserrikoari egurra lapurtzen ziona, gauez eta azpikeriaz lapurtu ere. Baina gauez den-dena ikusten duen Ilargiak, baserritarraren maltzurkeriaz oharturik, gau batean baserritar gaiztoa hartu eta berarekin eraman zuen. Horregatik, ilargi beteko gauetan, ongi erreparatzen badiogu ilargiaren txuriari, lapurraren aurpegia antzeman daiteke, ilargiaren baitan betiko bahiturik.
Semeak urteak eman zituen logelaren leihoa itxita, ilargitik jaitsi eta lo zelarik lapurra ez ote zen sartuko beldur baitzen. Beldur horiek baina, aspaldi gainditu egin zituen, eta hogeita hiru urteko gure semeak azkar ikasi du lapur arriskutsuak nortzuk diren.
Semeak ikasi du eskularru zuriko politikari ustelen bidez, eraikuntza-enpresaburuek milioi askoren esleipenak jaso dituztela. Gainera, eskularru zuriko gaizkileen hipokresiak ez du mugarik, jendarte gehiengoaren eguneroko tragediei soraio. Eskularru zuriko iruzurgileen inpunitate lotsagarriaren aurrean argi dago ez dagoela eskubide-estaturik, eskuin-estatua baizik, ahaltsu gutxi batzuen pribilegioei eusteko, jendarte gehiengoaren bizi-baldintzek urtetik urtera okerrera egiten dutelarik.
Hipokresiaren horren adierazgarriak ere hizkuntzan agertzen dira. Hori horrela, pobre edo txiroei ez zaie jadanik pobre edo txiro deitzen, “baliabide urriko jendea” baizik, pobreziaz hitz egitea ez baita politikoki polita. Poliki-poliki zabaldu den aporofobia —pobreei fobia— ere horren isla da.
Ezkerreko alderdiak, herri-mugimenduak, sindikatuak, den-denok… jendarte-presioaren esku dago injustiziaren uholde lotsagarri hau borrokatzea.
XXI. mendeko lukurariak gorbata jantzita eta irribarre zuria ezpainetan agertzen zaizkigu. Bankari ase-ezin eta politikari ustel horiek guztiak ikusita, Ilargian bahiturik jarraitzen duen baserritarrari behin-behineko askatasuna, edo, gutxienez, asteburuetan ilargitik jaisteko baimena eman diezaiotela; Urdangarini eman badiote, zergatik ez Ilargiko lapurrari?