Loto lorearen egoskia apaiz eta fraideentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2019ko eka. 11a, 17:36

Loto lorearen egoskia. Hori hartzen zuten monje budistek sexu apeta apaltzeko: loto lorearen egoskia hartuta, sexu grina apaltzen omen da eta, horri esker, zelibatuari eusten zioten monje budistek. Budismoak, erlijio katolikoak ez bezala, ez du zelibaturik ezartzen; haatik, espiritualitatearen izenean, loto lorearen infusioa hartzeko ohitura zuten, sexu grina baretzeko edo.

Erlijio katolikoaren zerbitzari batzuek ikasi beharko lukete budistengandik? Ikasle ohien salaketei esker apaiz eta fraide askoren kontu ilunak agerian gelditu dira, Eliza Katolikoa jo-puntuan utzita. Aste honetan bertan, Salestarrak, lehen Maristak, Garesko fraideak ere bai... Gure Nafarroa txikian ere zerrenda handia da.

Ikasturte honetako azken irrintzia bota nahi diet erlijio katolikoaren zerbitzari horiei errespetu osoz bota ere: Nahi al duzue ezkondu? Bada ezkondu! Ez dituzue emakumeak gustuko eta gizonezkoak nahiago? Nahi duzuena, niri bost... baina utzi bakean umeak, utzi bakean ikasleak; enrrolla zaitezte zuen adinez nagusi den eta gustuko duzuenarekin. Ez da izango, ez horixe, lehen kasua! Sexualitatea zoragarria da, zilizioa ez da bidea eta, mesedez, elkartu, ezkondu edo nahi duzuena egin, baina aski da! Saiatzen zarete auziak estaltzen ad maiorem dei et ecclesiae gloriam, baina, nahikoa da! XXI, mendeko gizarteak ez luke arazorik izango onartzeko apaizek ere familia izatea. Hemeroteketan dauden eta noizean behin agertzen
diren kasu eskandalagarriez gain, denok ezagutzen ditugun beste batzuk badaudenez gero, bada Eliza Katolikoak erabaki ausartak hartzeko tenorea, Bestela, horrela jarraituz gero, kristautasunak bereak egin du.

Izan ere, Eliza katolikoak gero eta antza gutxiago du Jesukristoren jatorrizko egitasmoarekin eta gero eta antz handiago du enpresa batekin. Eta enpresa horretako langileen sexu grina asetzeko zelibatua, anakronikoa da eta asko frogatuta dagoenez, ez da bidea. Errealitatea gordinak hala frogatzen digu behin eta berriz: mundu osoan ez dago lore loto nahikorik apaiz guztien sexu grina asetzeko. Ezkondu, elkartu edo nahi duzuena egin, baina adinez nagusiak direnekin, umeak bakean utzita: kristau ez garenok eskertuko dizuegu eta kristau gelditzen diren gutxi horiek are gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!