Joxemiel Bidador poesia taldeaz, bi hitz

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2019ko mar. 26a, 17:18

Irrintzi poetikoa izan gaberik ere, poesiaren aldeko irrintzia botako dut gaur Irrintzi plaza honetan. Izatez, ez omen dira garai onak lirikarako. Eta nik egiten dut galde: noiz izan dira garai onak lirikarako? Batzuk bederen sinetsita gaude hobe dela poesiaren aldeko kandela bat piztea iluntasuna madarikatzea baino, eta horregatik poesia talde bat sortu dugu Iruñean. 

Zeren eta narratiba irakurle taldeak badira Iruñean, badira Iruñerrian, baita Leitzan, eta Zaraitzun eta Erronkarin ere... Baina poesia talderik ez, ez orain arte bederen. Bada euskarazko poesia jorratzeko asmoz, euskarazko poesia talde bat sortu berri dugu Nafar Ateneoaren baitan. Hileroko lehen asteartean biltzeko asmoa dugu, eta, beraz, apirilaren 2an bilduko gara, datorren asteartean, gaur zortzi, arratsaldeko 7,30etan. 

Nafar Ateneaoren babespean jarri dugu ekimen hau abian, eta lehen bileran dozena erdi bat lagun bildu ginen:Matxalen Bezos bermeoatarra, Antton Goñi lazkaotarra, Nerea Balda iruntzundarra, Mikel Sanz irunsemea, Ventura Diaz txantrearra, Ines Castiella goierritarra... Talde anitza, poesia bera bezain anitza.

Badugu asmorik hilabete batean hemengo poeta bat aukeratzeko, eta beste hilabete batean euskarara ekarritako poeta bat, euskara itzulitakoa, alegia.  Izan ere, hemen sortutako poesiaz landarat, azken urte hauetan euskarara ekarritako poetak asko eta askotarikoak izan dira, batez ere, Munduko Poesia Kaierak bildumaren bitartez. 

Poesia taldeak Joxemiel Bidador zenaren omenez bere izena hartu du, eta aztertuko dugun lehen poeta, ezin bestelakorik izan, Joxemiel Bidador bera eta bere liburuaHutseaniko hazkurria izanen da,Hutseaniko hazkurria, Pamiela etxeak argitaratua. Eta, esan gabe doa, taldea irekia da, eta Nafar Ateneoan bitzen garen arren (Barañain etorbidea, 10. 1.) ateneokide ez denak ere ateak zabalik ditu.

Ez omen dira garai onak lirikarako, baina guk argi poetiko bat piztu egin dugu iluntasunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!