Astronautak, astranautak eta astonautak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2017ko mai. 23a, 17:02

Astronauta hitza idatzi nahi nuela, tekla bat oker sakatu eta, Astranauta agertu zait pantailan, kurtsore keinukaria soraio, baina Xuxen zuzentzaile ortografiko kupidagabeak gorriz azpimarratzen didalarik. Xuxenek, baina, ez daki astranautak Opel Astra autoaren gidariak garela, Izan ere, Astra bat dugunok, —izan lau atekoa ala bost atekoa, izan gasolina ala diesela— denok ala denok gaituzue astranautak.

Baina nik astronauta elea idatzi nahian, okerra zuzentzeari lotu natzaio eta, gizakia harri berean bi aldiz tupust egiten duen animalia bakarra izanik, oraingo honetan astonauta idatzi dut, eta zuzentzaile ortografikoak berriz azpimarratu dit hitza, odolaren gorriaz azpimarratu ere. Izan ere, Xuxenek ez daki Ene Kantak taldeko lagunen espaktakulu berri arrakastatsuak Astonauta duela protagonista —bidenabar esanda, datorren astean, ekainak 2, hemen Iruñerrian, Artikan, eginen den saiorako sarrera guztiak aspalditik salduta daude jada—.

Nolanahi delarik ere, nik astronauta idatzi nahi nuen, Valentina Tereskovaz hitz egin nahi nuelako astearte honetako kolaborazioan. Alabaina, entzule, irratian denbora urrea da, eta denboraz urri gabiltzanez, segundu gutxi batzuk baino ez zaizkit gelditzen Valentina Tereskovaren garrantzia aldarrikatzeko: Valentina Tereskova, sobietarrek espaziora igorri zuten lehen emakume astronauta.

Okerrez oker, Astra batekin abiatuta, Astonautarekin bat egin dut, norekin eta Valentina Tereskova mitikoarekin elkartzeko hor, zeru-gainean, Euskalerria Irratiaren uhinen bidez egindako bi minutu t'erdiko bidaian.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!