Zabalguneko Civivox aretoan, konferentzia, nork bere menua prestatu ditzan. Izaskun Berasategi Dietetika eta Nutrizioan lizentziatuak eskainiko du, euskaraz. Osasuna eta elikadura izanen ditu ardatz. Arratsaldeko zazpietan izanen da, gaur, doan.
Mendiko eta ingurugiroko ekimenak. Horra hor Iraunkortasun Gelan gaur eskainiko duten hitzaldiaren izenburua. San Pedroko Ingurumen Heziketarako Museoan izanen da. Koldo Aldaz mendi gidaria izanen da hizlaria. Zazpietan izanen da, musu truk.
Polen mailaren inguruko informazioa bidaltzeko zerbitzua du udalak martxan; nahi duen horrek izena eman dezake 010 telefono zenbakira deituta. Aste honetan, polen maila baxua da pinuetan, olibondoetan, graminioetan, arteetan, eta haritzetan.
Bihar, ostegunarekin, zazpi eta erdietan, Kondestable Civivox aretoan, Iñaki Fresan baritonoaren eta Leire Irisarri piano jotzailearen kontzertua. Abestiaren historia zikloaren barruan. Sarrerak, hiru euroan, Civivoxean bertan eta pamplona.es webgunean.
Zazpi eta erdietan ere, txalapartaren historiari, erronkei, paradoxei buruzko konferentzia, Arrotxapeako Jus la Rochan. Argibel Eubak eskainiko du hitzaldia, Txalaroa 16 zikloaren barruan. Sarrera, libre.
Salgai segitzen dute Demode Quarteten Epa! ikuskizunerako sarrerak. Musika eta umorearen arteko konbinazioa. Ostiralean taularatuko dute, Sanduzelaiko Civivox aretoan, zortzietan. Sarrera, sei euroan.