Sarasateren ertzak

Erabiltzailearen aurpegia Iruñeko Udala 2016ko api. 15a, 12:11

Iruñeko Udalak gaurko eta biharko agenda iragarri du. Besteak beste, Pablo Sarasateren Museora bisitak eta Luna eta piratak obra daude.

Condestable Jauregiko Pablo Sarasateren Museo Aretora bisita gidatua eginen dute gaur, ostiralarekin, arratsaldeko sei eta erdietan, gazteleraz. Bisita hori bera larunbatean, eguerdiko hamabietan, euskaraz eginen dute. Musu truk da, baina aldez aurretik izena eman beharra dago.

Gaur bertan baina ordu bete geroago, zazpi eta erdietan, ‘Los Amotinados’ antzerki taldeak ‘Prohibido suicidarse en primavera’ antzezlana taularatuko du Gaztediaren Etxean. Dohainik da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso behar da.

Ordu berean, zazpi eta erdietan, Gaztaroaren Mendi Astearen barruan, 2015ean Thalay Sagar mendira egindako espedizioari buruzko dokumentala pantailaratuko dute Sanduzelaiko Civivox aretoan. Jarraian, solasaldia izanen da, Ekaitz Maiz mendigoizalearekin.

Bihar, larunbatarekin, lau urte baino gehiagoko haurrentzako ipuin kontalariak Civivox sarean. Eguerdiko hamabietan, Sanduzelaiko Civivox aretoan, euskaraz. Ordu berean, Zabalgunekoan, gazteleraz. Eta arratsaldeko seitan, Mendillorrin, hizkuntza berean.

Etzi, igandearekin, ‘Luna eta piratak’ haurrentzako antzezlana estreinatuko dute Nafarroako Antzerki Eskolan, euskaraz. Gidoiak antzerki testuen udal lehiaketa irabazi zuen. Ikuskizuna sei eta erdietan taularatuko dute. Sarrera, sei euroan.

Astelehenean, Emakumearen Arretarako Zerbitzuaren 25. urteurrenaren karietara, ‘Y ahora, ¿a dónde vamos?’  lana pantailaratuko dute, Iturramako Civivox aretoan, arratsaldeko zazpietan, eta musu truk.

Bestalde, apirilaren 22an amaituko da 2016ko Zirkulazio Zerga boluntarioki ordaintzeko epea. Ordutik aurrera, ordainketa Merkatuko kaleko bulegoetan soilik egin ahal izanen da, legeak arauturiko errekarguekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!