Gaurko argazkia solasaldi bati eskaini nahi diot. Atzo iluntzean emititu zen, Andoaingo Martin Ugalde parketik, Berria telebistaren bidez. Hamaika gara erreferendumaren aldeko ekimenak ziklo bat antolatu du eta, hasteko, Zelai Nikolasen esanetara aritu ziren Roberto Uriarte, Xabier Barandiaran eta Floren Aoiz. Hau da, Podemos-Ahal dugu, EAJ eta Sortu.
Alde askotatik aritu ere: erabakitzeko eskubidearen definizioa, naziogintza eta hizkuntza, autogobernua eta munduko botere faktikoak, herri estrategia eta lankidetza publiko-soziala, erakunde publikoak eta komunitate garapena, demokrazia eta herritarren erabakimena...
Hari mutur asko dira hemen laburtzeko. Nik azpimarratuko dut herrigintzak eztabaidan hartu zuen garrantzia. Asko aipatu zen alderdi politikoen ahuldadea gizartea trakzionatzeko, eta antolaketa zibilaren beharra eraldaketa soziala bultzatzeko... Hain zuzen, diagnosi honetan oinarrituta ari da hedatzen munduan lankidetzazko gobernantzaren eredu berria, gurean bereziki baliagarria iruditzen zaidana.
Behingoagatik, atzoko solasaldia ganorazkoa izan zen, eztabaida argigarria suertatu zen, eta inor ez zen tematu arrazoi osoa bereganatzen. Askotan esan izan dugu: “Alderdien artean ganoraz eztabaidatzea, ezin da”. Ba atzokoa ikusita, batzuetan behintzat, eztabaida balinda.