Ziztada

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2021ko ots. 18a, 11:55

Argazkian adineko pertsona bat, besaburua bilutsik, txertoaren ziztada jasotzen. Edonor eta edonon izan daiteke, une honetan hori baita albistegietako irudirik ohikoena.

Bitxia da nola irauli den txertoari buruzko jarrera kolektiboa. Duela soilik sei hilabete, mesfidantza zen nagusi: txertoak ez ziren berehala iritsiko eta, badaezpada, jar dezatela lehenengo besteek eta gero, sieso, igual jarriko dut neuk ere. Orain berriz, gehienok gaude ziztada hartzeko prest eta baita kexati ere, ez direlako behar bezain beste iristen, edota ez dituztelako iritsi bezain laster txertatzen. Zerikusirik izango zuen, seguruenik, han eta hemen txertatzeko presa erakutsi duten agintari maltzurrek. Haiek txertoa jartzeko tranpa egiten ikusi ditugunean, normala egin zaigu pentsatzea guretzat ere ona izango dela ditxosozko ziztada.

Harrigarria izan da txertoa sortzeko eta ekoizteko azkartasuna. Eta ez da ekimen bakar bat izan, toki askotan bistaratu da gaitasun hori. Zientziak erakustaldi handia eman digu oraingoan. Baina baita kapitalismoak ere. Ez nuen uste botika ekoizleak ikerketarako diru publiko mordoa jaso ondoren, emaitza hain modu espekulatiboan erabiltzeko gai izango zirenik. Ziztada honek brirusetik inmunizatuko gaitu, bai; baina neurri berean ari zaigu erakusten indar faktikoen aldean zeinen ahulak garen herritarrak.

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!