Nafar arragoa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2021ko ots. 4a, 14:49

Gaurko argazkia oraintxe minutu batzuk hartua da, eta Mikel Irujo ageri

da, Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilari karguaren zina egiten. Ustekabean iritsi da kargura, Manu Ayerdik dimisioa eman baitu epaitegietatik deia jaso ondoren.

Ez daukak datu nahikorik Ayerdiren dimisioa baloratzeko. Oro har, ez daukat iritzi finkorik halako kasutan egin behar denaz. Alde batetik, argi daukat tolerantzia handiegia egon dela alderdi politikoetan ustelkeria eta prebarikazioaren aurrean, agian pertsonaren probetxua eta alderdiarena nahastuta egon ohi direlako. Baina beste aldetik, lehen urratsean dimititzeak ere badu arrisku bat, alegia, susmoa zabaltze hutsarekin eta delitua frogatu beharrik gabe arerio politikoa suntsitzeko erabiltzea. Denborak esan beza zein den Ayerdiren kasua.

Mikel Irujok badu ibilbide politiko sendoa: diasporan jaio zen, familia abertzale historiko baten baitan, gaztetatik ari da politikan eta euskal hiztuna da. Horrez gain, hainbat kargu tekniko eta politiko izan ditu Europako erakundeetan, eta poliglota da. Esan daiteke politikoa eta teknokrata dela aldi berean, eta hau ez da oso ohikoa gure agintarien artean.

Aldaketa honekin, nafar gobernuak beste korapilo bat askatu du modu txukunean. Mendebaldetik begiratuta, bitxia egin zitzaigun aurreko gobernua, eta are bitxiagoa egiten zaigu orain ikustea beste emakume lehendakari bat, hau PSNkoa, aldi berean EAJren eta EH Bilduren sostenguarekin gobernatzen; eta, dena esanda, urte luzez nafar eskuin unionistak eraikitako botere faktikoen oztopoak grazia dezenterekin gainditzen. Mikel Irujoren gaurko argazkiak ondo islatzen du nafar arrago progre-teknokrata-politiko bitxi hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!