Biden eta adina

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2021ko urt. 21a, 11:25

Gaurko argazkia, nola ez, Joe Bideni eskainiko diot. Eta, ertz askotatik heldu niezaiokeen, baina adina aukeratu dut. Izan ere, ez da broma: nik badaramat bi urte jubilatuta eta berak, hamabi urte gehiagorekin, hartu berri du Estatu Batuetako presidentearen zama.

Argi esango dut: ez naiz agurekraziaren batere zalea. Ardura handien lehen lerroan buru freskotasuna behar da eta, nire eskarmentuaren arabera, adinarekin galdu egiten da. Gainera, iragana baino etorkizun luzeagoa daukanak hartu behar du datorrena irudikatzeko ardura. Baina konbentzimendu berdinarekin arbuiatzen dut gure eredua, alegia, pertsona bat jubilatu aurreko azken eguna arte zukutu, eta biharamunean herri-lanen ikuskaritzara kondenatzen duena. Askozaz logikoagoa iruditzen zait herrialde eskandinaviarrena: erretiro osora daraman ibilbide mailakatu bat, nork bere gogo eta premien arabera denboran zehar egin lezakeena.

Biden eta adineko politikarietara bueltan, nire idoloa da Sandro Pertini italiarra. 82 urterekin eskaini zioten estatu-buru izatea, eta ia 90ekin utzi zuen kargua. Bere kasuan, ordea, aitona jakintsuaren lana zegokion, presidente erraztaile izatea, gazteagoen gobernuari zentzua eta zuhurtzia txertatzea. Eta hori bikain egin zuen Sandro zaharrak, sendo eta bizipozez.
Estatu Batuetan espero dut Harris lehendakari-ordea nagusitzea: gaztea eta emakumea izateaz gain, zuri-zuria ere ez delako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!