Gaurko argazkia Hedoi Etxartek betetzen du. Hedoi kultur ekintzaile ezaguna da, eta jendaurrean ere jarduten da. Neronek tertuliakide izan dut denbora batez Euskadi Irratian, eta baita mahai ingururen batean ere. Gainera, ohikoa da bere presentzia sare sozialetan, nahiz agerkaritan; eta, tarteka, elkarrizketatzen dute hedabidetan.
Oraingoan, ordea, Hedoi albiste izan da bere aita zaintza berezietan dagoelako, pandemiak erasotuta. Aitor Etxarte ere ekintzaile ezaguna da, eta horregatik haren gaixoaren larritasunak oihartzuna izan du. Hainbestekoa, Hedoi irten dela azalpenak ematera, aitaren gaineko informazio okerrak zuzentzeko. Bide batez, hausnarketa interesgarriak ere utzi ditu bizitzen ari den trantzeaz.
Ez da oraingoa intentziorik onenarekin min ematea, edota arinkeriaz jokatuta gezur bolak gizentzea. Kasu honetan seguruenik ez zen bestelakorik izango. Baina, fribolitateak bizi gaituen garaiotan, aldarrikatzekoa da bakoitzak ahalegina egin behar duela errazkeriari eusteko, informazio delikatua tentuz manejatzeko eta, bereziki, pertsonen intimitatea errespetatzeko. Norbaitek tarteka jendaurrean jarduteak ez du haren gaineko eskubiderik sortzen, ez bada publikoan esan duena eztabaidatzekoa. Ariketa fisikoa bezala egin behar genuke emozionala, gure inguruarekin bidezko harremana izateko.
Bitartean, animo eta zorte on Etxartetarrei!