Argazkian gerra itsasontziak Bartzelonako portuan. Bost puntako izarrak nonahi, errusiarrak direla argi uzteko. Itsasontzien kubiertetan 10.000 soldadu lehorreratzeko prest, errepublika katalanaren defentsan. Itsasontzi nagusian Puigdemont dator, Baltikotik Bartzelonara bidean Brusela parean jaso dute. Assange eta Snowden hurbilean dauzka, nahiz ez dakigun non eta noiz untziratu diren.
Noski Photoshop-en moldatutako argazkia da, ez da benetan gertatu. Espainiako polizia berdez jantzia garaiz ibili da eta lortu du operazio militarra bertan behera geratzea. Hogeita bat pertsona atxilotzea aski izan da. Ez da isuri odolik, ez dago arriskurik.
Atzo Kataluniari buruz esandakoen zati txiki bat besterik ez da. Polizia-literaturaren sortze-abiadan egun bakarreko marka guztiak gainditu ziren, zuzenean poliziak berak eta zeharka hurbileko hedabideek argitaratutako material guztia kontuan hartzen badugu. Badirudi abiaduraren eraginez flipatzeko modukoren bat ere sartu zutela; baina argi dago idazleak ez direla batere kikildu duela egun gutxi epaile mahai batek haien beste ipuin trapero bati sinesgarritasuna erabat ukatu ondoren.
Disimulatu beharrik ere ez. Nagusikeria horrek eragiten du beldurra.