Asteburuko argazkia album oso bat da. Ia guztietan alkate berriak agertzen dira, aginte makilaz jabetzen. Ezberdinak dira estiloak, adinak, dekoratuak. Antzekoak, aurpegikera alai eta arduratsuak.
Oro har, gidoia bete egin da. Salbuespen nagusiak, Andoain eta Gasteiz. Lehenak bigarrena baldintzatu du, baina ez emaitza aldatzeraino. Besteetan, aurreikuspena bete da, eta hori bera asko da. Ze aurreikusten zena zen iraultza moduko bat. Eta iraultza hori gauzatu egin da.
Iraultza da alkatetza asko –erdia edo- alderdiz aldatu izana. Eta alkate berri asko –laurdena edo- aldaketaren ikur izatea. Zer esanik ez, iraultza da alkate asko –gehienak, nabarmen- euskaldun izatea.
Eta iraultza hori guk eragin dugu, herritarrok, gure botoa mugitzea erabaki dugunean. Gero eta gehiago gure esku nahi dugulako agintea, alderdiak soka motzean lotuta. Hori da iraultzaren sakoneko gakoa.
Horregatik, albumeko azken argazkia Donostiako Miramonen egin zen, igande goizean. Jende zoriontsua erabakitze eskubidearen alde, ekainaren 21ekoa deituz. Hasi berri den iraultza gizartean errotu dadin.