Gaurko argazkia hirukoitza da: lehenean, atzo bertan, Gaizka Garitano Eibarko entrenatzailea ageri da Almerian. ETBko kazetariari euskaraz erantzun eta bertako kazetari bat kexatu egin zaio. Gaizka harrituta eta haserre dago, elebakar inperialista baten eraso baldarraren aurrean. Bigarren ahalegina egin, eta berriro kexak. Gaizka zutitu eta badoa. Euskal Twitterren txaloak entzun dira.
Bigarren argazkian, Iruñeko Anaitasuna larunbat arratsean jendez beteta, ‘euskaraz bizi nahi dugu’ aldarrikatuz. Ekitaldi dinamikoa, mezu positiboak, jarrera ilusiozkoa. Euskaltzaleok aldaketa nahi dugu, gero eta gutxiago gaude elebakar inperialisten erasoak jasateko prest.
Hirugarren argazkia, Elorrioko plaza eta beste ehun herrietakoak, larunbat goizean jostunez beteta, euskaraz eta pozik borondateak josten etorkizuna elkarrekin erabakitzeko. Inperialismoen beste muturrean, milaka herritar bildu gara kalean, bizikidetzan eta demokrazian oinarritutako ariketa eredugarrian.
Zorionez, oraingoan euskaldunak alde onean gaude.