Argazkian jende multzo bat korrika. Batek peto koloretsua darama eta beso bat gora, eskuan egurrezko lekukoa. Edozein herri, hiri edo errepide izan daiteke, egunotan denean ibiliko baita Korrika, 2.500 kilometro inguru osatu arte.
Euskararen aldeko lana epikoa izaten ari da, eta behar du bere epika. Ze euriari, hotzari eta elurrari aurre eginez, egunez eta gauez korrika jardutea hamar egunez etengabe, epikoa da beste ezer baino gehiago. Zaldierori hunkigarria egin zaio ‘zoro zoragarriak’ uneoro hor dabiltzala pentsatzea.
Epika eta emozioa beharko ditu euskarak gero ere, biziraupena bermatuko badu eta normalizazioa erdietsiko. Nik horri erantsiko nioke euskaldunon urte osoko irmotasuna, konbentzimendua, asertibitatea, hiztunok eman diezaiogun euskarari bere tokia. Horretarako euskararekin eta euskararentzat ahaldundu beharrean gaude, aurtengo Korrikaren leloak zuzen eta egoki dioskunez.