Nahi nuen halako metafora polit bat hauteskundeetan gertatutakora eraman, baina makina bat buelta emanda ere ez dut biderik aurkitu. Baina garai hits hauetan optimista izatea aukera bat ez baizik eta behar bat denez, azkenean argia sartzeko moduko zirrikitu bat topatu dut. Zer demontre, akabo da kolore bakarreko gobernu inposatzailea, eta akabo da, orobat, panorama politikoaren zuri-beltza. Koloreen aldeko apustua egin du herriak, eta talde guztiek beren nahiei uko egiten ikasi beharko dute gobernatzeko moduko gehiengo bat lortuko bada. Osasungarria da hori, eta benetako demokrazia baten funtsa, akaso atzendu samar badugu ere.
Inguru hurbilera bildua, ordea, ematen du iluna zabaltzen hasia dela, eta ez egunaren argia. Gogoeta hitza aditu genuen atzo han eta hemen, beti bezala destenore samarrean. Baina sekula ez da berandu hobetzeko, eta badago nahikoa denbora aurretik kontua bideratzeko. Gaitasunik ere ba ote dagoen denborak esan beharko du.
Bitartean, solstizio on denoi!