Jainkoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2015ko mar. 26a, 16:00

Jainkorik baden edo ez den, ez dugu orain argituko Irrintzi Plazako kolaborazio honetan. Milaka urte dira horren harira elkarri zanpaka hasi ginela, eta, egia esateko, egundaino ez dugu gauza handirik argitu. Gainera, kontua ez da bakarrik jainkorik baden edo ez, egonik ere kontua ez baita arras konpontzen, makurtzen baizik. Horrela, hor ditugu gurutzada santua eta jihad delakoa, munduaren beste erdia akabatu nahian, eta bi kasuetan, hau bai deabrukeria, jainkoaren izenean.

Jainko batengan sinesten duen jendea arriskugarri samarra da, modu potentzial batean bederen; izan ere, jainkoa alde duzula jakiteak gauza handia behar du, besteak beste, edozein gauza egiteko bidea zuritzen duelako. Basakeria handiena ere bidezkoa izaten ahal da, baldin eta ziur bazaude jainkoaren alde egiten duzula.     

Jainkoaz ari naiz, baina nire ustez, jainkorik izan edo ez, kontua ez da asko aldatzen. Ez diogu hari erru guztia botako telefonoa ez hartzeagatik. Ziurtasuna da arazoa. Ziurtasunak bilatzen ditugu berez halakorik eskaintzen ez duen mundu batean, eta, aurkitu ezinik, asmatu egiten ditugu ziurtasun horiek. Asmatu eta defendatu, hiltzeraino; ahal dela, bestea hiltzeraino.

Ziurtasunak arrisku handikoak dira, zalantzak ez hainbeste. Zalantza jarrera irekiagoa da, malguagoa, sortzaileagoa eta koloretsuagoa. Dudak behar ditugu, duda handiak, alor guzti-guztietan. Inork ez du arma bat hartzen zalantza bat inposatzeko.    

Nolanahi ere, entzule prestu horrek, atzendu segituan nik esan dudan guztia, ez bainago batere ziur arestian esandakoaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!