Burugogor maiteei

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Otxoa 2023ko urt. 18a, 17:27

“Nola sortuko dugu gure herrian haur eskola euskalduna? Eta oraingo hezitzaileak, zer? Zureak badu euskara etxean, eta nireagatik lasai, ikasiko du 3 urteetatik aurrera.”
“Haur eskola? Murgiltze ereduan ez, baina bueno, euskarazko lerro bat badago behintzat.”
“Musika eskolako eskaintza ere euskaraz? Jesus motel.”
“Tiritak jartzeko ere mediku euskalduna? Tira…”
“Nola Guraso Elkarteko euskarazko kirol eskaintzak konpetituko du auzoko Super Kirol Klubarekin?”
“Familia arteko arnasgune bat sortzea? Eta erdaldunak zer?”
“Zertarako behar duzu produktu edo zerbitzu honetan euskaraz artatua izatea? Honetarako ere euskara?”
“Euskararen Normalizazio Plan bat? Non, hemen D ereduko ikastetxean?”
“Hizkuntza diagnostikoak diola ikasleek ez direla euskarazko ahozko gaitasunera ailegatzen? Lasai… Helduko zaie momentua.”
“Ikastetxeko gurasoek euskararen transmisioa nola ematen denaren inguruko orientazioa behar dutela? Baina nor zara zu?”
“Zure umearen lagunek zurea bezala burbuila batean biziko direla pentsatzen al duzu?”

Galdera hauen aurrean etsipenera jotzen ez duten eta kolpea pasata hitzetatik ekintzetara pasatzen diren burugogorrei nahi diet idatzi, nire burugogor maiteei. Etengabe mespretxatuak, askotan amorratuta eta bakardadean, baina behin eta berriz altxatzen direnak. Nire miresmen eta maitasuna, zuek bai eredu! 
Maialen Lujanbioren agurra zuentzat eginda zegoela pentsatu nuen: “Txapela bete indar mingaina dantzari, borroka irabazteko desesperantzari”.

Iñigo Otxoa Fernandez

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!