Argazkia ez da polita: antena erraldoi bat lehen planoan, bere paellera eta guzti; barrenean etxe blokeak han hemenka; eta errematatzeko, hiru kablek gurutzatzen dute bista alderik alde, edozein kameralariri tripako mina jartzen dioten horietakoek. Argazkiaren esanahia ez da itsusia: Iruñerrian ETBren lau kateak ikusi ahal dira dagoeneko lurreko telebista digitalaren bidez.
Lagun batek bidali dit goiko argazkiaren osagarria; etxeko sala epelean –tximinia piztuta baitago- telebista ere piztuta, eta ETBren seinalearekin; pantailan ageri dena Merkel da, baina berdin dio.
Uxue Barkos oso pozik “gizartearen eskaera bete delako”. Eta gainera, kosturik gabe, Koldo Martinezek esan duenez. Total, analogikoaren eta digitalaren arteko horma eraitsi dela behingoz.
Bueno, eta orain, Euskal Telebistarekin sufritzea tokatuko zaizue behin baino gehiagotan, euskaltzale finei, nafar arruntei eta kritikotasuna txorroskiloan zorroztuta daukazuenoi. Eta hala ere –hala ere- konpentsatuko dizue Bilboko San Mames ondotik eta Donostiako Miramondik aireratzen direnak ikusi eta entzuteak. Urrutirago joan gabe, gaur Aritz Galarragak bere Ekografian jasotzen duenak adibidez: azkenaldian ETB emititzen ari den dokumental historiko-politikoen jarioak.
Kontua da orain egonleku berberean topo egin ahal izango dugula, nork bere etxeko sofatik, lehen UPNren harresi ideologikoak banatzen gintuenok.