Bestelako biktimak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko urr. 20a, 11:50

Aparkalekuko sarreratik ke beltz trinkoa inguruko etxe orratzetan gora; zaurituak anbulantzietara daramatzate ohatiletan, ziztu bizian; bikote gazte bat elkarri helduta, haurraren kotxetxoa bultzatzen, izuaren ikur… argazkiok ez datoz gaurko egunkarietan; 1987ko ekainaren 19koak dira, ETAk Bartzelonako Hipercor saltokian jarri zuen bonbaren ondorio.
Arratsalde hartan berri agentziek botatzen zuten albiste pieza bakoitzean hildakoen eta zaurituen zerrendak gora egiten zuen etengabe; azkenean 21 hildako eta 45 zauritutan geratu da kontaketa historiarako.
Ba atentatu hartako biktima bat ikusi genuen atzo kamera eta mikrofonoen aurrean argi, ziur eta sendo hitz egiten, biktimentzako bestelako izaera, toki eta eginbidea bat aldarrikatuz; Robert Manrique Hipercorreko 43 biktimaren izenean aritu zen. Jorge Fernandez Diaz, Espainiako Barne ministroaren dimisioa eskatu dute, besteak beste ETAren garaiak Kataluniako herritarrak elkarren kontra jartzeko erabiltzeagatik. Mari Mar Blanco, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteari, “mendeku gosez” aritzea egotzi diote.
Hau ere esan du Manriquek: “Guk ez dugu guri gertatu zaigunaz bizi nahi; ikasten ari gara gertatu zaigunarekin bizitzen”. Katalanez mintzatu da gizona; hori ere detaile esanguratsua, biktimen zentzu bakarreko patrimonializazio gotorra hausteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!