Sei dozena

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia

Behetik gorako begira puntua hartu du argazkilariak, eta horrela argazki epikoa atera zaio. Oholtza gainean, atzean errezela gorrizta dutela, ageri dira Junts Pel Siko ordezkariak. Ezkerretik lehena Lluis Llach kantaria; hirugarrena Muriel Casals, Omnium Culturaleko presidente ohia, bosgarrena Oriol Junqueras, hurrena Artur Mas dator; atril aurrean hizlari Raül Romeva, zerrendaburua.
Lasai ageri dira guztiak, zalapartarik gabe, eta aurpegietan marrazten zaiela irribarre zantzua; Junquerasi izan ezik, ze Esquerrako buruzagiari kostatzen zaio ezpainak lasatzea.
Igandeko hauteskundeei buruzko informazioak matematikarientzat dira batez ere: kopuru absolutuak, portzentajeak, alderaketak aurreko emaitzekin… dena zirrikitu guztietatik begiratuta. Gehitxo letratakoak garenontzat. Horregatik, gaur, eskertzekoa benetan Zaldieroaren De Rerum Naturako zirrindara; senyeraren gainean soilik bi datu zehatz, hauexek: “2012an 24 diputatu zeuden programa independentista argi batekin… 2015ean 72 daude”. Emaitza argiagorik? Arrautzen matematikara pasata, bi dozenatik sei dozenara igo direla diputatu independentistak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!