Zinemaldirako istorioa

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko ira. 21a, 12:17

Nahastuta ibili naiz egunkariaren orri pasan; bat-batean, Zinemaldiko atalera iritsi ote naizen ba ustekabean, baina ez, Euskal Herria sekzioan nengoen oraindik. Argazkiak eragin dit nahasmena; izan ere, Berlanga edo Bardemen filmen batekoa dirudi lehen begiradan: Espainia zoldatsuenaren parodia. Sei lagun, fuerzas vivas deitzen zitzaien haien ordezkari; ezkerretik eskuinera, Francisco Pérez artzapezpikua, apaiz bat, guardia zibila; Fernández Díaz, Espainiako Barne Ministroa; Yolanda Barcina eta Pachi Yanguas, Fiteroko alkatea. Artzapezpikua bedeinkazioa ematen ari da eta besteak Aitarena egiten.
Argazkiak, gogoratuko duzue, Fiteroko kuartelaren lehen harria jartzeko unea inmortalizatzen du, eta iazko martxoaren 15ean egina da. UPNko erregimenaren irudirik gorenetako bat, oraindik ostikoka dabilen erregimen horrena.
Ostikoka, adibidez, Fiteron bertan; izan ere, Fiteroko udaletik debekatu egin dute Turismo Bulegoan herriko historiari buruzko liburu bat saltzea: “Fitero comanche” izenekoa. Pedro Pérez, Agrupación Fiterana Independienteko zinegotziak idatzi du eta Fiteroren beste historia azaltzen du nonbait, orain arte ofiziala izan denaren ifrentzua. Liburua Turismo Bulegoan saltzea debekatu ondoren, lehen argitalpena agortu egin omen da, herrian tabernaz taberna salduta.
Istorioak mereziko luke labur bat, gutxienez, Donostiako Zinemaldian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!