Berrogei urte luze

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko eka. 16a, 11:55

Kulturaren arloko albiste batek azala hartzen duen aldi bakan horietakoa da gaurkoa. Hor daude –Bilboko Arriaga antzokian, nik uste- Antxon Laka, Xabier Zeberio, Natxo de Felipe eta Bixente Martinez, beste lau musikarirekin batera. Izenburua: “Ibiltzeari utziko dio”; Oskorri erretiratu egiten dela alegia. Ez da albiste ona, batez ere duela urte pare bat Natxori irakurri eta gero “gu ez gaude bukatzeko asmotan. Egoera dago gu akabatzeko puntuan”.
Hala ere, albisteari beste buelta hau eman dakioke, positiboagoa: berrogei urte luze iraun du Oskorrik.
Zornotzan, euskarako barnetegi batean ezagutu nuen nik taldea. Bixente Martinez ez zegoen artean barruan, baina bazuen harremana haiekin; ikasle modura zegoen barnetegian, eta bere bidez etorriko ziren Oskorrikoak.
Erabat gustatu eta gure herrira eramateko proposamena egin nuen. Eraman genituen, bai, eta boikota muntatu zuten ez herritarrek, auzokoek baizik: Oskorri espainolista zen eta ezin zitzaion eszenariora igotzen utzi. Kasu praktiko honekin hartu nien neurria ortodoxia negargarri batzuei.
“Adela” kanta hunkigarriko Oskorri zen hura, talde konprometitua. Gerora lerro berriak zabaldu zituzten, hainbat kanta klasiko hauts artetik erreskatatuz. Etxepare nor zen beraien “Kontrapas”-arekin ikasi genuen. Eibarko forjari borrokalariak ere haien bidez ezagutu genituen… Oskorriren ondare ikaragarri aberats horrekin geratzen naiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!