Giltzak, tartak –edo gaztak, nahi den bezala-, Hego Euskal Herriko udalerrien mapa koloretsua… infografiak luzitzeko eguna dauka gaur Berria-n. Mapa, argigarria gertatzen da oso. Hasi mendebaldean, Bizkaian, berde iluna nagusi –hau da, EAJ-, baina berde argi dexente –EH Bildurena-, ekialderantz egin hala. Gipuzkoan berde argiak hartzen du toki gehiago, eta PSEren gorriak ere zipriztintzen ditu bazterrak.
Beherantz jo eta Araban urdina ere ageri zaigu –PPren urdina-, Gasteizen eta Guardian, besteak beste. Nafarroan, horia da nagusi, hautagaitza independenteena; Nafarroa iparrean berde argia trinko eta hego mendebaldeko mugan lerrokatuta, UPNren urdin iluna, PSNren gorriaren zipriztinekin. Bitxia ere bada, geografiarekin nolabait bat egiten duela igandeko mapa politikoak: berdea Euskal Herri hezean, horia lehorrean.
Eta kolore horiei lotuta nolabait, Zaldieroaren gaurko tira, galdu ezina: Pirinioan eta Bardeetan aldaketak… “Nafarroa desagertzen ariko balitz bezala…”.
Honenbestez, batek ez du oso ondo ulertzen gaurko argazki bat: nolatan zihoazen UPNko buruzagiak hain irribarretsu atzo goizeko bilerara? Ifrentzua Geroa Baikoen argazkian dago: irribarre sobranterik gabe, baina zorioneko aldaketa egikaritzen hasteko plantan.