Gelditu ezinik

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko mar. 24a, 12:12

Antzekoak izaten dira egunero Korrikaren argazkiak: testigu eramaile irribarretsuak, jende andana atzean, pankartaren bat edo beste… Aldatzen direnak eszenarioak eta protagonistak dira. Gaurkoan, argazki nagusian, Durangoko Azokari lotutakoak dira testigua daramatenak: Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko presidentea, eta Anton Mari Aldekoa-Otalora, hainbeste urtetan Azokaren aurpegia izan zena.
Azpian, Eibarko kalea gainezka sumatzen da, eta han doa Eibar futbol taldeko kapitaina, Txema Añibarro, testigua eskuan duela. Hirugarrenean elurrak hartzen du protagonismoa: Aramaion, baserrietako teilatuak zurituta, belazeak eta kaminoa elur lapatxak estalita… Eta bada laugarren argazki bat ere, igandekoa hau, testigua Pasaiako Albaola lantegira heldu zenekoa, itsasoz, salbuespena egin eta furgoneta utzita.
Orain Bermeo eta Mungia artean behar du Korrikak, euripean, ziur. Aurtengo irudietatik gehien gustatzen zaidanetako bat eguraldiari dagokiona da. ETBko eguraldi tartean egunero ematen dute Korrikak biharamunean egingo duen biderako iragarpena, animaziozko grafiko batekin: hor doa korrikalaria ttipi-ttapa, gelditu gabe, Korrika bezala.
Korrika gertutik eta zabal ari da jarraitzen Euskal Telebista, eta euskararen esparrutik kanpoko hedabide batzuetan ere tokia hartzen du AEKren lasterketak. Poztekoa, benetan. Ze izan ziren beste garai batzuk, hedabide askok Korrika klandestinitatera kondenatzen zutenekoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!