Tenore honetan mintzo denak gaitz du deus berririk esaten. Aingeru Epaltzak dagoneko eskatu du aldaketaren aldeko alderdiek ez gaitzatela lotsarazi, gobernua osatzeko lanean, ulertu dut nik, kanpoko egunkari eta analisi askotatik ia ezinezkoa irizten dioten lan horretan. Santi Leonék, bere aldetik, dagoeneko bota du esaldirik biribilena: hauteskundeak irabaztea, UPN boteretik kentzea, errazena zen; errazena, ulertu behar da, orain datorren lanarekin alderaturik, lau urtez kanpotik jo eta ke baina barnetik ere erruz (ezkerreko alderdi eta alderdi abertzaleak beren artean elkarri saboteatzeko joera ongi kontsolidatuari erreparatuz, denok badakigu hori, barnetik ere erruz) jarriko dizkioten eta dizkiogun oztopo ugariak gainditzeko lau urteko lanarekin, alegia. Behin honetara iritsita ez dut lau urteko parentesi bat nahi. Barkos eta Asiron. Asiron eta Barkos. Izan daitezela beraiek eta beste guztiak irits daitezela, egunero, astero, hilero, konpondu beharrekoa etxean konponduta, erakundeetara. Behingoz.