Giro ederra nagusi, Zubiriko Gautxori jatetxeko aretoa 170 bertsozalek bete zuten, saioa bertatik bertara ikusteko. “Bertsolaritza Irakaskuntzan” programa jasotzen duten Zubiriko ikastetxeko gazteek bertsolari eta bertsozaleei ongi etorria egin zieten, publikoarekin konplizitate handia lortuz. Saio puntuagarriekin hasita ere, giro epela izan zen nagusi eta sei bertsolariek lan txukuna egin zuten.
Aimar Karrikak puntu gehien batuta, finalaurrekorako sailkatze zuzena lortu zuen eta beraz, datorren martxoaren 8an Lesakako Kultur Etxean jokatuko den saioan izango da auriztarra. Harekin batera, puntuazioz oso hurbil izan zituen bertsolari gehienak; Oskar Estangak egin zuen bigarren, Saioa Alkaizak eta Amaia Elizagoienek puntu berdinak batuta hirugarren eta laugarren hurrenez hurren, Sarai Robles barañaindar bertsolari gazteak Txapelketako lehen parte-hartzearekin ahots berria ekarri zuen eta bosgarren postua lortu zuen eta Joseba Beltza etxarriarra izan zen seigarren.
Hona hemen puntuazioa:
Bertsolaria | Puntuazioa |
---|---|
Aimar Karrika | 246,5 puntu |
Oskar Estanga | 244 puntu |
Saioa Alkaiza | 238 puntu |
Amaia Elizagoien | 238 puntu |
Sarai Robles | 235,5 puntu |
Joseba Beltza | 223,5 puntu |
Asteburuko Lizarrako eta Lakuntzako saioekin bukatuko da final-laurdenetako fasea
Lizarrako Gazteriaren Etxean jokatuko da laugarren final-laurdena, larunbatean 17:30ean. Kantuan, Eneko Fernandez, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Egoitz Gorosterrazu eta Ander Fuentes “Itturri” izanen dira.
Igandean, berriz, Lakuntzako Kultur Etxean egingo den azken final-laurdenean ondoko sei bertsolariak arituko dira: Eneko Lazkoz, Xabier Maia, Ioar Tainta, Patxi Castillo, Iñigo Olaetxea eta Xabier Terreros. Bertan erabakita geratuko dira finalaurrekoetako saioak.