Espainiako Poliziaren erakusketa Ziudadelan ez egiteko erabakia atzera bota du epaileak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko urr. 8a, 20:23
Iruñeko ziudadelaren Armen aretoa./ Lander Fdez. Arroyabe / ARP

Iruñeko Udalak baimena ukatzeko erabakia eten du epaileak eta udal gobernuak erantzun du "erabateko zuzentasunez" jokatu duela

[Berrian irakurri]

Ana Irurita Iruñeko Admnistrazioarekiko 3. Epaitegiko epaileak kaleratutako autoan eten egin du Iruñeko Udalaren erabakia. Espainiako Poliziak antolatutako terrorismoaren biktimen inguruko erakusketa Ziudadelako Armen Aretoan egiteko baimena ukatu zion irailaren 15ean Iruñeko Udalak. Bere ustez, Udalak baimena ukatzeko aukera badu baina ez du behar den prozedura bete.

Erabakiari helegitea jar dakioke, baina ez da denbora asko geratzen. Erakusketa berez urriaren 19tik azaroaren 2ra bitartekoa da. Udalak baimena ukatu ondotik, Estatuko Abokatuak erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen, zegokion tramitea bete ez zuela ebatzita.

Epailearen irudiko, Udalak baimen bat atzera botatzeko aukera badu, baina ez du dagokion prozedura bete. Bere ustez, bi aldeen arteko ezadostasuna ebazpen bidez argituko da, baina aurretik prozedura hori bete beharko luke Udalak.

Epailearen iritziz, dena den, Udalak ez du interes publikoa aintzat hartu "bestelako interesak" baizik. Era berean, gaineratzen du ez duela frogatu baimena ukatzeko ordena publikoko arrazoiak egon direla.

Azkenik, bere ustez, antolatzaileei kalte egin diezaieke erabakiak, beste hiri batzuetan erakusketa egiteko konpromisoa dutelako, eta Iruñean hitzartutako datetan ez egitekotan, ez delako egingo. Epaileak gaineratzen du Udalak ez duela erakusketa beste toki batean egiteko aukerarik eman.

Udalaren erreakzioa

Iruñeko Udalak autoa "betetzen du, baina ez du bat egiten". Komunikabideei igorritako prentsa oharrean Udalak berresten du "uneoro erabateko zuzentasunez" jokatu duela. Udalak aipatzen du baimena ez emateko erabakia udal gobernuak aho batez hartu zuela eta antolatzaileei erakusketarako gune alternatibo bat eskaini zaiela, epaileak autoan dioenaren kontra.

Iruñeko Udalak azpimarratzen du "erabateko zilegitasuna" duela udal jabegoa duten guneen erabilera arautzeko. Aurreko udal gobernuak ez zuela zuzen jokatu uste du: "Lehenik eta behin alkatetza utzi baino bost egun lehenago erakusketa egiteko konpromisoa hartu zuen, berez espedientea urtarrilean zegoenean". Era berean, ez zaie bidezkoa iruditu hala Espainiako Gobernu ordezkaritzaren salaketaren berri nola gaurko ebazpenaren berri "komunikabideen bitartez" jakitea.

Geroa Baik prentsa ohar bidez azaldu du erakusketa Ziudadela egin beharko litzatekeela eta udalak ez liokeela helegiterik jarri behar autoari. Gaineratu du Ziudadela ekitaldi artistiko eta kulturaletara mugatu beharko litzatekeela.

UPNk bere poza adierazi du "biktimekin justizia egin delako". Itxaropena agertu du EH Bilduk "eta bere bazkide Geroa Baik, Ezkerra eta Aranzadik erabakia bete dezaten eta ez dezaten iruindarren dirua gastatu gatazka judizial deitoragarri eta antzu bat egiten". PSNk, bere aldetik errespetua agertu dio erabakiari, eta "onartezina" iruditu zaio udalaren jarrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!