"Onartzen dut gonbita etorkizunean elkarlanean aritzeko eta Nafarroan aldaketaren gobernu baten ekinbidez eta herritarren parte hartzearekin zorraren ikuskaritza egiteko». Eric Toussaint pentsalari belgikarra Iruñean izan zen atzo arratsaldean, eta prest azaldu zen UPNren agintaldian «herritarren interes orokorraren aurka» sortutako zor bidegabearen ikuskaritza zorrotza egiteko. Izan ere, maiatzaren 24ko foru hauteskundeen emaitzak inkognita handia dira, baina, UPNk gobernua utziz gero, gainerako alderdiek kezka handia dute etorkizunera begira utziko dituen hipotekei eta fakturei begira. Horregatik, agenda politikoan dago zorraren ikuskaritza. Alfonbrak altxatzeko ordua iritsi da.
Alde horretatik, Toussainten ekarpena interesgarria izan liteke Euskal Herrian ere. Iraganean, Ekuadorko eta Argentinako zor ikuskaritzetan parte hartu du, eta, berriki, Greziako Parlamentuak onartutako ikuskaritza batzordeko zuzendari izendatu dute. Toussaintek berak atzo Iruñean azpimarratu zuenez, Greziako esperientzia «erronka historikoa da», eta «itxaropenez» eta ikusminez hartu dute Europako hainbat herrialdetan: «Euroguneko gobernuek pribatizazio oldeekin, lan baldintzen okertzearekin, soldaten murrizketekin eta erretiro adinaren atzerapenarekin jarraitzen dute. Politika neoliberal horiek zorra ordaintzeko betebeharraren aitzakiarekin hartzen dituzte».
Horregatik, Toussainten arabera, zor publikoaren auzia Europako Batasuneko eztabaida politikoaren erdigunean dago, eta, ezinbestean, Greziari ez ezik, beste herrialdeei ere badagokie jakitea zeintzuk diren euren zorraren jatorria eta zergatiak. Lau zor mota identifikatzen ditu Toussaintek Haren esanetan, zorra herritarren bizkar eta talde jakin batzuen mesedetan sortutakoa bada, legebiltzarrek badute subiranotasuna eta zilegitasuna hartzekodunei zor horren murrizketa handia exijitzeko.
Araiz: «Oso interesgarria»
Hala, atzo goizean, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean izan zen, Gasteizen, eta bi ordu eta erdiz batzartu zen parlamentu taldeekin. Arratsaldean, berriz, Iruñean izan zen, EH Bilduko ordezkariekin. Nafarroan maiatzaren 24etik aurrera aldaketaren gobernua osatzen bada, Greziaren pareko batzorde bat osatzeko prestasuna azaldu du Toussaintek. Adolfo Araiz presidentegaiak «oso interesgarritzat» jo du.
EH Bilduk berak, bere egitarauan, ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko proposamena egin du; ildo beretik, herritarrez eta adituz osatutako «zorraren ikuskaritza soziala» egitea proposatu du. Araizek gogora ekarri du Nafarroan badirela herritarren interesen aurka bultzatutako azpiegiturak, eta, horregatik, zorraren «ezaugarriak eta jatorriak» ikertu nahi ditu koalizio abertzaleak.
Ofizialki hauteskunde kanpaina oraindik hasi ez bada ere, alderdi guztiek jadanik abian dute gizarteari bere proposamenak aurkezteko makineria. EH Bilduren proposamenak bat egiten du beste alderdi batzuenarekin. Hori bera nabarmendu du Araizek. «Batzuek kezka berbera dute zor publikoaren jatorriari buruz, eta bat egiten dute ikuskaritza soziala egitearekin. Guretzat, aldaketaren ardatzetako bat da jakitea zer gertatu den urte guztiotan».
EH Bilduren arabera, zorraren nondik norakoak «zehatz-mehatz» ikertu behar dira, eta zorrarekiko zer jarrera hartu erabakitzeko eztabaidari heldu behar zaio. Zorraz gain, iraganeko beste hainbat atal ere ikertu nahi ditu —Osasuna, CAN edo hainbat azpiegitura— .
Zorra «xehe-xehe» aztertu
Geroa Baik ez du oraindik bere egitaraua ofizialki aurkeztu, baina Manu Aierdi zerrendako bigarrenak azpimarratu du zorra «xehe-xehe» aztertzeko asmoa dutela. Aierdiren ustez, zorraren zifra handietan ez da ezusterik izango ziurrenik, Kontuen Ganberak gertutik zaindu duelako. Aierdiren irudiko, Kontuen Ganberak «erabateko konfiantza» merezi du. Dena den, finantzatutako operazioen xehetasunak eta etorkizunera begirako ordainketen egitura oso gertutik zaindu beharko lituzke etorkizuneko gobernuak. «Ziurtatu behar dugu urteroko konpromisoak betetzeko ahalmena izatea».
Ezkerrak eta Podemos Ahal Dugu-k antzeko proposamenak egin dituzte. Alde batetik, beharrezkotzat jotzen dute jakitea «nortzuk eta zer enpresak atera dioten mesedea arrazoi ekonomiko eta sozialik gabeko hondamendizko inbertsioei». Bigarrenik, itzalpeko ordainsari sistemak zehazki zer faktura eragin duen jakin nahi dute, eta zer enpresa diren azken onuradunak. Era berean, azpiegitura polemikoek eragindako faktura eta zor osoarekiko pisua ikertu nahi dute. Gainera, AHTari, Los Arcosko zirkuituari, Reyno Arena pabiloiari eta Nafarroako Ubideari ikuskaritza egitea proposatzen dute. Ahal Dugu-k, «herritarren ikuskaritza» egitea proposatu du.
PSNk bere ekarpena egin du, UPNren erabakiak babestuta. Egitarauan proposatu du gobernuko departamentu bakoitzaren eta Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioaren ikuskaritza egitea, «kontu publikoen benetako egoera zein den jakiteko».
Joxerra Senar